Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gala Plazidia, Dante Alighieri eta San Blasa

Gala Plazidia, Dante Alighieri eta San Blasa

Amatiño 2026/02/03 08:59
“Gala Plazidia” kafe eta whiskiaz egindako postre gozoa baino zerbait gehiago da; Dante Alighierik bi hilobi ditu, nahiz bat hutsik egon, eta San Blas opila Florentziako Signoriaren “piazzan” dastatzea ez da klasikoena, baina ezta mirakulu paganoa ere.
Gala Plazidia, Dante Alighieri eta San Blasa

Gala Plazidiaren hilobia

Gala Plazidia
Gala Plazidia, hiru geruzatan
Danteren hilobia
Danteren hilobia Ravennan
Hirurogei urte bai, hiru koleretako (1) “irlandes” dotoreari (2) Gala Plazidia deitzen zitzaiola. Geroztik, pattarren kontsumoa maldan behera joan den neurrian, whiskiak ere desagertzearenak egin du eta harako Gala Plazidiak zaharron itsulanbroan baino ez dirau. Hala ere, orduan ez genekien arren, Gala Plazidia kaloriaz jositako postre betegarria baino zertxobait gehiago zen, da eta izango. 

 

Gala Plazidia, Erromako Teodosio Handia enperadorearen alaba, Konstantinoplan (3) jaio zen, urrezko sehaskan. Ataulfo (4) errege bisigodoaren emaztea izan zen lehenik eta, alargundu ostean, Konstantzio III.a enperadorearekin esposatu. Lehen ezkontza maiteminez (5) izan zen eta bigarrena, ostera, interes politiko nagusiei  komeni zitzaielako, erromatar domeinuaren azken hatsetan.

Erromatar Inperioa gainbehera ari zelarik, Konstantzio hil, oinordekotza Valentiniano bilobak jaso eta bost urte baino ez zituenez, Galak hartu zuen mutikotxoa nagusitu arteko erregeordetzaren ardura. Ia bi hamarkada luzez, munduko emakumerik botoretsuenetakoa izan zen. Kultura handikoa, argia, politikari trebea (6), “gerrako jaunei” aurre egiten asmatu zuena.

Mila eta bostehun urte geroago, haren mausoleoa dago Ravennako San Vitale basilikaren lorategian, hilobiak mosaiko bizantziarrik ederrenez hornitua jarraitzen du eta turistek, zintzo asko, sarrera ordaindu behar izaten dute, bost minutu eskasean barruan txandaka sartu eta argazkia ateratzeko.

Ez da Ravennan ezustean hilobiraturik dagoen lagun historiko bakarra. Hamar minutu oinez baino ez dira behar Gala Plazidiaren mausoleotik urrundu eta Dante Alighieri poetaren alboraino heltzeko (7). Bai, egia da, “Divina Comedia” idatzi  (toscaneraz) zuenaren hilobia Florentziako Santa Croce basilikan (8) bisitatu daitekeela, hala-edo jartzen baitu marmol zuritan grabatua, baina besterik iruditu arren, Danteren gorpua ez dago Florentzian (9), Ravennan baino. Antza, “fake news” direlakoak ez dira bart gauekoak, uste baino klasikoagoak baino.

Berri faltsuak betidanik izan dira, baina distantziak erabat aldatu, ordea. Kontu izan, gaur egun Bilbotik Florentziara joateko pare bat ordu besterik ez direla behar hegazkinez, baina Gala Plazidiak eta Dantek, ostera, hogeita hamar bat ordu behar izaten zituztela oinez, edo zortzi bat zaldiz, Ravennatik Florentziara iristeko.

Gero eta gehiago dira Loiutik Florentziara doazen euskaldunak. Badira joan eta han geratu direnak ere. Hain zuzen, bada eibartar jatorriko turismo-gidaririk, hemengo taldeei arreta ematen diena. Ainhara deritza eta gustura hartu ohi du eraman izaten zaion San Blas opila. Michelangeloren Davidek jakingo balu, seguru gero ez lukeela noraezera begira jarraituko.

 

  ---ooOoo---


1. Behetik gora, whiskiaren urre kolorea, kafearen beltzarana eta chantillyaren zuriantza.

2. Hiru koloreak elkarrekin baina ez nahastuak. Artea da, bata bestearen gainean jarri ahal izatea, hiru geruzatan (ikus argazkia).

3. Teodosio izan zen Erroma eta Konstantinopla elkarrekin bildu zituen azken enperadorea, Erromako eta Bizanzioko inperioen koroiduna, alegia.

4. Ataulfo, Attawulfs, “aita otsoa” omen.  "Atta", aita-edo, arbaso moduan. “Wolf”, berriz, otsoa, gerlari gisa, germanieraz.

5. Datu hau ez da huskeria, Ataulfok, Gala Plazidia bahitzeaz gainera, neskatilak baino hogei urte gehiago baitzituen.

6. Trebea eta ezohikoa. Ez soilik gizonen munduan emakumerik bakarrenetakoa zelako. Munduko tronurik handiena utzi ondoren, etxera joan eta ez zuen sekula gehiago jarduera politikoaz tutik esan. 

7. San Franzisko elizaren atzekaldean.

8. Basilika berean daude, Danteren zenotafioaz (hilobi hutsa) aparte, hainbat italiar ospetsuren hilobi beteak, non apopilo dauden Michelangelo Buonarroti irudigilea, Galileo Galilei astronomoa, Nikolas Makiavelo filosofoa, Gioachino Rossini konpositorea eta beste lau bat, barrena. 

9 Florentzia hiriak Dante erbesteratu zuen 1301ean, baina, zazpi mendetan herriko seme handitzat aldarrikatu arren,  ez zuen barkamen ofizialik eskatu 2008 urte arte.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: