Istorio erdi, gailur gutxi eta sasiekaitz lar
Batek daki Emily Brontë (2) idazlearen Victoria Aroko (3) nobela britainiarrak nahiko joko eman ote dezakeeen berrehun urte geroagoko gizartean, are gutxiago garaiz kanpoko estetika artifizial samarraz agertaraziz gero, baina, zernahi delarik, Emerald Fennell zuzendari britainiarraren ekoizpena hurbilago dago, hainbat pasarte eta sekuentziatan, bazkalosteko telenobela (4) hegoamerikarretatik, testu britainiar klasiko eta neurtsutik baino.
Emily Brontëren nobela bakarraren ibilbidea oparoa izan da zinemagintzan. Gutxi gero, pantailetan, Wuthering Heights bezain sarri. 2025 urteko azken hau da hogeigarren bertsioa-edo, 1939an lehena (5) egin zenetik, eta, paradoxa bada ere, ondotik etorri diren hemeretzi ekoizpenetako bat berak ere ez omen du, kritikaren ustez, aurrena gainditu.
Ez da izan, ordea, ikuspegi anitzik faltaz. Zortzi hamarraldiotan denetarik izan da: zinema-moldea, telenobela eta irrati-saila, britainiarrak eta iparramerikarrak gehienak, baina baita Mexiko (Luis Buñuel), Kolonbia, Venezuela, Frantzia, Italia eta Japonian (Kiju Yosida) egindakoak ere. Egun bizi diren ikusentzuleentzat ezagunena, berriz, Peter Kosminsky zuzuzendariak 1992 urtean Juliette Binoche eta Ralph Fiennes bikotearekin egindakoa. Hain zuzen ere, Brontëren jatorrizko nobelak bildutako belaunaldi biak (6) jasotzen dituen bertsiorik bakarrenetakoa.
Aukeran, Peter Kosminskyren filmak, nahiz historia osoa kontatu, 30 minutu gutxiago dirau eta Edmeral Fennellena baino eramangarriago suertatzen da. Eta, aukeran ere, Juliette Binochen eta Ralph Fiennes aktoreen arteko kimika (7) Margot Robbie eta Jacob Elordiren artekoa baino dezente nabarmenagoa da (8). Nolabait laburtze aldera, 1992ko bertsioa, nobela osoko bi belaunaldien berri emateaz gainera, bete-betean filma zen. 2026ko beste bertsio honek, ordea, Brontëren historia erdi (lehen belaunaldiarekin amaitzen da) besterik ez jasotzeaz gainera, telenobela kitsch peto-petoa ematen du.
---ooOoo---
1) Wuthering Heights (Cumbres borrascosas), London, 1847.
2) Elis Bell ezizenaz argitaratu zuen Emily Brontëk bere nobela, emakumeek ezer idazteko eta argitaratzeko zituzten mugak gainditzeko. Garai hartan, Emilyren Charlotte ahizpak Robert Southey poetari aholkua eskatu zion eta idazleak erantzun: “Literatura ez da emakumeen kontua eta ez luke sekula izan behar”.
3) Victoria Aroa 1837-1901 urteetakoa da eta Emily Brontëk 1847an argitaratu zuen bere nobela.
4) Izatez Kolombian (1984) eta Mexikon (1988) telenobelak ekoitzi ziren, baita irrati-saila ere (2006).
5) Melodrama estatubatuarra, Laurence Olivier, Merle Oberon eta David Niven hiru aktore nagusiak britainiarrak baziren ere.
6) Juliette Binoche bera da amarenak zein alabarenak egiten dituena.
7) Biak elkarrekin bildu ziren berriro lau urte geroago “El paciente inglés” (1996) film sarituan (9 Oskar Sari). Baita arestian ere ("El regreso de Ulises", 2024), Penelope eta Ulises gisa.
8) Nahiz, Brontëren ildotik, Binoche-Fiennes bikotearen maitasuna metafisikoa izan, eta Robbie-Elordirena, aldiz, jatorrizko testukoa baino haragizkoagoa.--
