Futbolaren aitzakiaz
Arazoa ez da konponduko bortizkeria futboletik uxatzen ez den artean (eskola-mailako gurasoengandik hasita) eta soluzioa erraza du: zale oldartsuei sarrerak ukatu eta kitto.
Gertatzen da, ordea, hitzezko indarkeria kulturala dela futbolean (galdetu bestela arbitroaren amari) eta hainbat kluben arduradunek gustuko-edo dituztela zale sutsu-sutsuak. Hau da, gertatua gertatu, ez dutela erabakirik hartu nahi, Aitor Zabaletaren hilketa kasu, Manzanaresen bertan.
Futbol-zaletasunaren ohiko oldarkeria gutxi balitz, arriskua gehitu baino ez da egiten ideologia kontrajarrien arteko norgehiagokaz janzten denean. Eta euskal futbol-zelaietan ere bada horren arrisku sorrik.
San Mamesen, esaterako, bada zale-talderik zuri-gorrienganako grinaren aitzakiaz herri-erakundeak gutxiesten dituena eta demokraziaz hautatutako agintariei iseka eta trufa egiten diena. Eta inor ez da ausartzen isiltzeko esaten.
Egunen batean eztanda egingo du eta gero gerokoak.