Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Filologia vs felinologia

Filologia vs felinologia

Amatiño 2021/09/01 12:55
Inork ez dio Xapi Elkarteari katuekiko zaletasun eta maitasunik ukatuko. Ezta katu-koloniarik kudeatzeko gaitasunik ere. Nahi genuke pentsatu, ordea, katuen mesedetan, xapitarrak hobeak direla katuzaintzan euskal ohargintzan baino. Zer ote larriago, euskarazko testu traketsak moldatzea ala katuei jaten ematea?

Ez nuke zorrotzegi izan nahi baina, nago, Xapi Elkarteak Debako hareatza-alboan jarri duen oharraren euskarazko testua ez dela eredugarrienetakoa. Esangura dut, leun asko, nekez gaindituko lukeela EGA azterketa.

Ikastoletako lehen ikasle-andana (1950eko hamarkada-amaieran jaioa) aiton-amondu denean, euskararen ofizialtasunak berrogeitaka urte bete dituen garai honetan, harritzekoa-edo dateke udal-zigiluaren bermea daraman testu publikoa hain eskasa izatea. 

Beinke, zenbaitek esango du ez dela horren txarra; tira, hori baino testu ganorabakoagorik badela han-hemenka; eta beste hainbatek pentsatuko du, gainera, huskeria horiek ez dutela garrantzi larregirik, ez gaitezela egoskorrak izan.

Bapo; baina, galdetze aldera baino ez bada ere, galdetzerik ba al da zergatik Xapi Elkarteak nahi duen eran idatz dezakeen eta guk, ostera, ezin diegun katuei jaten eman? Beste modu batez esanda: zergatik Xapi Elkarteak nolabaiteko aginpidea du inori zehapen-mehatxua egiteko eta, osterantzean, ez dago modurik Xapi Elkartearen euskara-mailari isuna jartzeko?

Hau da, itaun metafisikoa: zer ote gizartean larriago, euskarazko testu petralak egitea ala katuei jaten ematea? Filologia vs felinologia.

Oharra: ez nuke ezer iradoki nahi baina, zer gertatuko  litzateke, itzulpena hobetzen ez den artean, norbaitek sardinak eramango balizkie katuei?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: