Fernando plazentziatarrak badu nork irakurri
- Itxaropena, 1957
Yon Etxaidek 1957 urtean taxutu eta argitaratu zuen “Pernando plaentxiatarra” (2) umorezko ipuin-liburua, Juan San Martinek eibartarren eta plazentziatarren artean jasotako hainbat eztenkada baino ez ziren. Taxutzailea donostiarra zen arren, lehen argitalpen hura, gaiaz aparte, produktu eibartarra zen, biltzailea San Martin izateaz gainera, marrazki eta ilustrazioak Paulino Larrañaga grabatzailearenak ziren-eta.
Hala ere, hobe beharrez (3) segurutik, Yon Etxaidek gipuzkeraz moldatu zituen San Martinek plazentzieraz eskainitakoak, eta itxaro ez zituen kritikak jaso zituen zenbait gipuzkoarren aldetik. Aurrenik, Juan Garmendia “Zeleta” lasartearrak txarretsi zuen Soraluzeko (4) euskara erabili beharrean gipuzkeraz idatzi izana eta, ubera beretik, Koldo Mitxelenak Egan aldizkarian idatzi zuenez, “elkarrizketetan gehixeago erabili izan balu hango hizkera asko baretuko ziratekeen errenkurak” (5).
Hiru urte geroago, Fernando plazentziatarraren beste hainbat ziri eta ateraldi argitaratu zituen San Martinek berak Zirikadak (1960) bilduman, eta beste hainbat gehiago, ostera ere, Eztenkadak (1965) izeneko bigarren sortan. Ia hogei urte geroago, 1984ean, Juan Martin Elexpuru bergararrak berrargitaratu zituen Fernando plaentziarra-renak (6), euskara batuan moldatuak, eta bere bigarren argitalpena, berriz, 2000 urtean.
Argitalpen bien azalak alderatuz gero, itxura guztien arabera, Sabina Eizagirrek irakurtzen diharduena 1984ekoa da, antza.
---ooOoo---
1) Urte hartan 15 liburu argitaratu ziren euskaraz. Besteak beste, Yon Etxaideren “Pernando plaentxiatarra” eta Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” idazlearen “Leturiaren egunkari ezkutua”.
2) Etxean umetatik ezagutu duguna, gure ama zenak erosia.
3) Gipuzkera euskararik “onena” zelakoan. Eta Eibar ingurukoa, ostera,, erdarakadaz josia eta nabarmen txarra omen.
4) “Zeleta” lasartearra zen jaiotzez, baina 1910 urtean familiarekin Soraluzera etorri eta eskopeta-tailerra jarri zuen bertan. Hartara, plazentziera ez zitzaion batere arrotz.
5) Arrangurak (kezka, ardura). “Emazte ederra duena etxean, etxea etsai lurrean eta mahastia karrika aldean, ez da arrangura gabe bihotzean”, XVI. mendeko esaera zaharra.
6) Fernando plaentxiarra, Fernando plazentziarra, Pernando plaentxiatarra, Fernando plazentziatarra… Ez dago garbi zein ote egokien. Eibarren “plaentxiarra” eta “plaentxiatarra” dira erabilienak. Baina, itxura denez, Plazentziako bertako zaharrek gutxiespenekotzat jotzen zituzten Eibarren arruntak ziren moduak, Plazentziakoak “plazentziatarrak” baino ez direlakoan. Honela diote, gainera, Plazentzia bertako esaera ezagun bezain peto-petoek: “Sekulan ere ez da sartu izan plazentziatarrik zeruan…”. Edo, “plazentziatarrek esaten dotse errekiari ibaixa”. Onerako edo txarrerako, Soraluze berriak baretuko al ditu Koldo Mitxelenak sumatzen zituen “arrangurak”?