Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Familia artean

Familia artean

Amatiño 2023/11/05 11:35
Iñaki eta Olatz Salvador osaba-ilobek “Familia artean” deritzan kanta-saio modoxkari ekin zioten aurreko ostiralean Hondarribian. Hurrengo bi hilabeteetan beste horrenbeste izango da Zarautz, Berriz, Andoain, Ordizia, Villabona eta Azkoitian. Egitasmo honekin bikote ezagunak ez du segurutik euskal kantagintza irauliko, baina bai plazer handiko ikuskizun atsegin, gozatsu eta entretenigarria burutuko. Ez da gutxi.

Salvador bikoteak ez du honezkero aurkezpenik behar. Iñaki osaba, egun Euskal Herrian dugun musikagilerik ezagunenetakoa da, jazz-musikari, irakasle, konposatzaile eta moldagile aparta den aldetik. Eta ez da, gero, bart gaueko profesionala, Mikel Laboaren piano-jotzailea ere izan zen-eta hogeitaka urtetan. Horrez gainera, batere zalantzarik gabe, inprobisatzailerik iaio eta jorienetakoa. Benetan aspergaitza.

Olatz iloba, berriz, azken bost urteotan plazaratu den emakume kantautore andana berriaren ordezkari nabarmena. Belaunaldi berria, bai, baina honezkero gogotik finkatua. Biak, anaia eta alaba gisa, Eduardo Salvador baxu-jotzailearekin batera, “betidanik” musika sentitu, bizi eta gozatu duen familiaren senitartekoak.

Familia artean deritzan egitasmoaren formula arrakastatsua Iñakiren eta Olatzen arteko elkarren osagarritasunean datza. Osabak eskaintzen du berezko maisutasunaren segurtasuna, etenik gabeko inprobisazioaren lilura eta bat-bateko 'showman' eta plaza-gizonaren bizkortasuna. Baita --kostata, hala moduz eta umorez-- nagusitan euskaraz ikasi behar izan duen euskaldunberriaren jarrera eredugarria ere. Olatzek, ostera, ume-umetatik musika-giroan hazia eta hezia izan denaren lekukotasuna, neskatila zaurgarriaren indarra eta, bere jakineko errepertorio ezaguna tarteko, urraspide propioa jorratu nahi duen emakumearen adore freskoa.

Dena giro hurbil, alaitsu, umoretsu eta tenore emankorrean, non partaidetza eta lankidetza-borondatea ez diren sekula xuxurlatu ere egiten, baina bai, ordea, formulatu  beharrik gabe bilbatzen eta taularatzen.

Hondarribiko lehen aurkezpenaren ondotik, hurrengo bi hilabeteetan izango dira, ildo beretik, gainerako sei ekitaldiak Zarautzen (12-22), Berrizen (12-29), Andoainen (1-4), Ordizian (1-7), Villabonan (1-12) eta Azkoitian (1-13).

.

Iñaki Olatz Salvador
Iñaki eta Olatz Salvador, Hondarribiko Itsas Etxean.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: