Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Faisaien Irlaren dirdirarik ezaren metafora

Faisaien Irlaren dirdirarik ezaren metafora

Amatiño 2025/05/10 12:00
“Faisaien Irla” delako filmak bisita merezi duen arren, harri bitxi motel bezain apala omen da. Apala zinema-moldeetan, gidoi-jokoan, erritmoan, kontakizunetan, xehetasunetan, aktoreen interpretazioetan zein argiztapenetan. Kontua da, ordea, kritikak, ikusentzulegoak eta enparauak ba ote duen beti, filmari eskatzen zaion besteko duintasunik.

Ez, “Faisaien Irla” filma ez da, behar bada, harri koxkorrik distiratsuena, baina bai gogotik esanguratsua. Asier Urbieta ez da segurutik François Truffaut edo Federico Fellini, baina besteok ere ez gara Joseph Pulitzer edo Robert Capa. Bidasoa ez da Gibraltarreko pasabidea, baina urtero hamarren bat migratzaile hiltzen dira Hendaia ondoko Pausuan. Euskal gizartea informatu samarra omen da, baina ezer gutxi bide daki Behobiako zoko ilun eta beltzarenez.

Era berean, ez dirudi Sambou (Diaby) Laida (Jone Laspiur) baino makurragoa denik, baina honek badu hark ez duenik: ekimen pertsonala. Jonek, ordea, ez omen ditu poliziak gustuko baina, Faisaien Irlaren inguruan, berak nahi baino polizia gehiago dago... nahiz espainiarrak ez izan. Ez, muga guztiak ez daude, antza, “Arizona”n, eta, Taniak (Itziar Ituño) esan bezala, gauzak ez dira egun batetik bestera konpontzen.

Gatozen berriro hasierara, “Faisaien Irla” delakora, faisaien harrokeriarik ez duen film motel eta apal bezain benetalari horretara. Apala zinema-moldeetan, gidoi-jokoan, erritmoan, kontakizunetan, xehetasunetan, aktoreen interpretazioetan zein argiztapenetan. Baina, edozein modutan, gaitzerdi, guztiok ere film apal honen besteko duintasunik bagenu norberaren egunerokotasunean.

Eta, bide batez, ez  ahaztu denok garela norberak uste baino harri koxkor motel eta lausoagoak. Bitxirik urri, gero. Faisairik, batere.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: