Eztitsua bezain goxoa, jatorra bezain eskuzabala
Bai, egia da bai edozenbat ganorabako pelikula egin izan duela, eta egia ere bada aktoresa eskasa ote den osperik ere ez zaiola falta, baina neska horrek badu nere barnemuinik suspertarazten duen zerbait, esanak esan Maryl Streep, Nicole Kidman, Sharon Stone edo Scarlett Johansson bezalako emakumeek ez dutena: ezti-punttua alegia. Eta eztitasun bihozbera goxo horrek… itxuraz baino ez bada ere…
Norbaitek esango du ildo horretatik ez jarraitzeko. Hau da, martxoaren zortzian hobe nezakeela malda arriskutsu horri muzin egin eta arlo aproposagoren bati ekin. Tira ba, izan gaitezen zintzoak. Esaterako…
Auskalo badaezpadako aktoresa den ala ez, baina inor gutxik daki ozeanoz honaindian, Sandra Bullock dena diru-sarreretako zerrendetan lehen emakumea. Bada gero zerbait espektakuluaren munduan. Segurutik goxogilea bai, baina goxogile profesionala.
Eztitsu izan beharraren beharrez txaplata samarra ote den, berriz… Sandra Bullockek milioi bat dolar eman zuen tsunamiak Indian eragindako kalteak arintzeko; zenbait urte geroxeago beste milioi bat jarri zuen Katrinak sortarazitako hondamendiaren ondotik eta, hau guztia gutxi bailitzan, oraintsu beste milioitxo bat luzatu dio Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeari Haitiko lurrikara dela-eta. Batek daki gorago aipatutako lau aktoresa galantak Bullock baino serioagoak ote diren baina ez, behar bada, eskuzabalagoak.
Zer esango dizuet ba nik… neri berriketabako neska jatorra iruditzen zait. Zorionak Sandra!