Ezohizko hidrokarburuen erronka
Petrolio-mota hauek ez dira inondik ere berriak, aspaldidanik ezagunak baitira, baina euren ustiaketa, petrolio konbentzionalena baino garestiago denez gero, baztertua izan da oraintsu arte. Aurrerantzean, ordea, erreserbak ahitzeaz gainera erregai fosilen eskaria gehitzen ari delarik (ez kopuru erlatiboetan baina bai absolutuetan), ezohizko hidrokarburuek ohikoen kontsumoa ordezkatzeari ekingo diote. Esaterako, 2000 urtean petrolio ez konbentzionalak munduko ekoizpen osoaren %16 besterik ez ziren; 2007an %25 eta 2015ean %40 izango omen dira.
Une honetan ezohizko petroliorik gehiena Orinokon (Venezuela) eta Albertan (Kanadan) ateratzen ari da, baina oraintsu aurkitu dira nolabaiteko “meatze” ikaragarri handiak Argentinan ere. Aukera hauek guztiek energia-sektorearen oreka aldatuko dute, ezohizko petrolioa kontuan hartuz gero Kanadaren ahalmena Saudi Arabiaren erreserba guztien adina dateke-eta.
Mota berberonetako gasa (shale gas) da Araban aurkitu berri dena, eta ustiatu ahal izateko hausketa hidraulikoa zein zulatze horizontala deitu sistemak behar izango dituenez gero, hainbat protesta eta jarrera kontrajarri eragin dira han-hemenka.
Xabier Garmendia Industria eta Energia Sailburuordeak garrantzizkotzat jo du nonbait Jaurlaritzaren iritzia argi eta garbi adierazi beharra eta EEEren webguneaz baliatu nahi izan du jarrera ofiziala azaltzeko.
Hamasei dira Europako 'shale gas' arroak Europan. Hamaseigarrena, hain zuzen ere, Basque-Cantabrian arroa.