Ezker eskuaz agintzen duen zuzendari ilegorria
Musika klasikoa, “jasoa” edo dena delakoaren magalean (1), denetariko orkestra, elkarte, talde eta ensemble bildu dira, handik eta hemendik etorriak, ikuslegorik anitzenaren aurrean azken bostehun urteko errepertorioaren hainbat lagin eta aukera zuzenean eskaintzeko.
Emozioak lelopean asteburu osoan Euskalduna Jauregian iraun duen musika-giroa aparta izan da, ikusentzuleen sartu-irtena etengabea, eskaileran gora eta eskaileran behera aretoz aretoko mugimendua urtean zehar beste inoiz ez bezalakoa. Senitartean nahiz lagunartean, hiru belaunaldiko jendea elkarren eskutik abiatu ahala, urtean behingo errito bihurtzen da, 7-15 euro bitarteko sarrerek bideratzen duten aukera-maukeraz baliatuz.
Hiru egunetan hirurogeita hamar saio ez dira gero artaleak. Autoreen, konposizioen, orkestren zein musika-taldeen jatorria eta estiloa zerrendatzerik ez dago baina, adibide gisa, bat hautatzekotan, larunbat eguerdian Euskadiko Orkestrak eskaini zuen Berliozen Sinfonia Fantastikoa, 26 urteko Nicolò Umberto Foron italiar-germaniarraren zuzendaritzapean.
Berliozen Sinfonia Fantastikoaren bost mugimenduak guztiak dira ederrak, biziak, melodiatsuak… adituak, kritikariak, musikazale amorratuak zein urtean behin baino bertaratzen ez direnak elkarrekin gozarazteko modukoak. “Songe d´une nuit de sabbat” bosgarren mugimendua, hain zuzen, “Akelarre gaueko ametsa” (2), kanpai-hots eta guzti, Dies Irae ereserkiaren hildotik, edozein sinfonia amaitzeko modurik onena.
Aipagarri, berriz, Nicolò Foron zuzendaria --Hector Berlioz konposatzailea, Sinfonia Fantastikoa eta Euskadiko Orkestra berez gutxi balira bezala-- 26 urteko musikari gaztea, gogotik ilegorria, batutadun eskuin eskuaz (3) bezainbat ezker biluziaz atriletik agintzen (eta dantzan) behatu ahal izatea… entzunikuskizun hutsa dela.
---ooOoo---
1) Bilboko Udalak milioiren bat euroko diru-laguntza eman ohi du.
2) Azken mugimendua, akelarrea da, deabruzko ospakizunaren orgia basatia. Maitearen irudiak, orain, iseka bizia dirudi. Hil kanpaiak, azken judizioaren Dies Irae ereserkiaren gainetik entzuten dira, eta dantzarekin nahasten dira. Mugimendu honetako hil kanpaien musika Wendy Carlosek erabili zuen A Clockwork Orange eta The Shining filmen soinu bandetan.
3) Erritmoa, eskuinaz segurutik. Baina, martxa, ezkerraz.