Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ez zen alferrik pasatu

Ez zen alferrik pasatu

Amatiño 2025/09/20 18:50
Zalantzak ditut Lurdesek gogoko izango ote lukeen Inge Mendioroz (1) zuzendariaren “Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako” (2) dokumentala. Batetik, ez dudalako uste berak bere burua biktimatzat zuenik eta, bestetik, gizonezkoz ingurututako munduan ia emakume bakarra zenaz jabetzeak gainbeherakada baino jaikialdia ematen ziolako. Guztiz baikorra eta gozoa zen eta, ez horixe, dena egina eman eta erraz joan zitzaiolako.
Ez zen alferrik pasatu

Eibarko Orbea pilotalekuan, 1975.12.26

Idoia Garzesen gidoia ez da ildo  bakarreko gunea. Lurdes Iriondo (3) da, jakina,  erabateko erreferentzia, baina ez, horratik, protagonista bakarra. Lurdesena berarena da kalerik nagusiena, baina aldi berean badira beste hainbat kantoi meharragoak,  paraleloan zein gurutzean beren-beregi elkarren berri dutenak, nahiz, behar bada, ez beti Lurdesen egunerokotasunarekin zer ikusi nabarmenik izan.

Franco hil aurreko eta ondoko trantsizioaren garaiak: 1966ko Gaur  euskal artista-taldea eta 1965etik 1972ra aritu zen Ez dok amairu kantari-mugimendua. Ikastolen sorrera, zentsura, Hegoaldeko zein Iparraldeko lehen kantaldi bateratuak eta Loiola Herri Irratiaren antena-suntsiketa. Lurdesen ondotik etorri ziren Estitxu Robles Arangiz, Maite Idirin eta Lupe, eta geroagoko Maialen Alfaro, Maite Bedaxagar eta beste.

Kantagintzaz gainera, Lurdesen haur-literatura, antzerki-lana eta ikastolen inguruan eragin zuen giroa. Eta, jakina, Lurdes miresten duten Koro Berasategi, Patxika Erramuspe, Jule Goikoetxea, Agurtzane Intxaurraga, Mariasun Landa, Amagoia Mujika eta beste hainbat emakumeren lekukotza.

Informazio asko, zenbaitetan, behar bada, nahasi samarra eta errepikapen-arriskuaz, azken aldera luze-edo suertatzen da. 72 minutu oso motz da fikziozko filmentzat, ez, ordea, horren labur, dokumentalei dagokienez. Bestalde, zilegi da, jakina, oraingo begiez duela bost-sei hamarkadako egoera behatzea, baina ez agian erraza, tonuaz asmatzea.

Zer gerta ere, “Ez gera alferrik pasako” ez da inondik ere Lurdesen kantarik ezagun edo zabalduena (4), baina nago bete-betean asmatu zuela. Ez zen, ez, alferrik pasatu.

 ---ooOoo---

1) Inge Mendioroz Ibañez. Ageri denez, musika, Maite Arroitajauregi eibartarrarena.

2) "Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako" filma, bart hasi den 73. Donostiako Zinemaldiaren lehen egunean aurkeztu da.

3) Lourdes da sarrien agertzen den izen-moldea, Wikipediatik Literaturaren Zubitegiraino. Filmak, ordea, Lurdes ipintzea erabaki du. Badirudi bere lehen diskoen azalean Lourdes jartzen zuela eta azkenetan, ostera, Lurdes. 

4) Ez dut interneteko euskal kanta-zerrendetan letrarik aurkitu.

.

Ez dok amairu
Lurdes Iriondo emakume bakarra, ez bakarrik, gizonezkoen munduan. Ez Dok Amairuko hainbat taldekidez gainera, Atahualpa Yupanki eta Paco Ibañez.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: