Ez saria merezi ahal izateko bezain txarra
Hain ohikoa edo normala ez dena da, ostera, gazteen arteko lehiaketa batean idazlanik onena ez saritzea, epai-mahaiak ausart asko Salomonen pare erabaki zuelako, edo plagioa zela, edo autorea ez zela aurkeztutako lanaren egile edo, egilea izatekotan, ez zela berak aitortu bezain gaztea (1). Era batez edo bestez, iruzurti samarra zela alegia.
Saria merezi ahal izateko bezain txarra izan ez zen ipuinari “Tigrea” deritza. Afera 2000 urtean gertatu zen Frantziako Lizeoetako Ikasleen ateko lehiaketan, egilea 19 urteko Joël Dicker gaztea izan zen, eta Ardaxka argitaletxeak aurten argitara eman du euskaraz ipuin bakun hau, Maider Maceronen itzulpenaz.
Kronikek ez dute argitzen inork barkamenik eskatu ote zion Joël Dicker ikasleari, saria ez emateaz gainera, gezurtzat jotzeagatik. Ez eta sasi-irabazleak merezi izan ez zuen saria, onenari itzuli ote zion ere. Anekdota hartatik geratu den bakarra da Joël Dickerrek epai-mahaikoren lehendakariarengandik jaso zuen animoa: “Ez arduratu, 19 urterekin zaren ona bezain ona zarelarik, seguru gero beste hamar urte barru onenetakoa izango zarena goi-mailako literaturagintzan”
Hamar urte ez ezik, hogei ere pasatu dira geroztik, eta eztabaidagarri izan daiteke Joël Dicker idazle “ona” ote den ala ez, baina zalantzan ez dagoena zera da: sari handiak (2) jaso dituela, oso komertziala dela, sei-zortzi nobela ezagun idatzi baititu “publiko zabalarentzat”. Eta, arrakastatsuena “ La vérité sur l’affaire Harry Quebert” (3), 850 orrialdeko best-seller horietakoa, sei milioi ale salduak eta 33 hizkuntzatara itzulia.
---ooOoo---
1) Gero Nazioarteko saria irabazi zuen.
2) Besteak beste, Akademia Frantsesaren Nobela Sari Nagusia eta Ikazleen arteko Goncourt
3) Baita hamar ataleko telesaila ekoiztu ere, hainbat plataformatan plazaratua.
