Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ez nuke ezustean hil nahi

Ez nuke ezustean hil nahi

Amatiño 2016/07/17 00:05
Adiskidea hil zait. Ni baino urtebete zaharragoa. Lagunarteko bosgarrena, azken bolada honetan. Bata bestearen ondoren. Auskalo zergatik baina, lagun askok egin beharreko dena egin izan dugu aldi berean: lehen jaunartzea, ikasketak, lanean hasi, ezkondu, seme-alabak izan, aitondu… Orain, berriz, badirudi denok aldi berean hiltzeko txanda heldu dela.

Ezustean hil da nire laguna. Eguerdi aldera semearekin basoerdi bat edan, etxeratu, bazkalostean etzan eta kitto. Txantxetan erdi lotan hasi eta lo osoan, benetan, amaitu. Ez da gehiago jaiki. Bake santua, omen.

Norbaitek esan dit, kristau-etsipenez edo, adiskidearen heriotza-modua “zori onekoa” izan dela. Hil daitekeen erarik onenean hil dela: konturatu gabe, jakinezta, igartzeke. Ez dakit ba… ez dut uste, aukeran, nik horrela hil nahi izango nukeenik: ezustean, ezjakinean, oharkabean. Nik ez ditut ustebakoak gustuko eta, nago, ezusteko heriotzarik ere ez litzaidakeela batere gustatuko. Izan ere, ba al da hil egin behar duzuna jakin gabe hiltzea baino gauza patetikoagorik?

Nik, aukeran diot, nahiago aurretik jakin, gauzak patxadaz egin, tajuz eta zentzuz seme-alabekin hitzegin, bilobei aitxitxa zaharra agurtzeko beta eman. Alegia, hilzoriaz jabetu, zertan dihardudan jakin eta kreditoen ondotik, beltzera joan aurretik, “The End” apaltxoren bat jartzeko egokiera izan.

Beti pensatu izan dut triste samarra dela ezustean jaiotzea, noraezean munduratzea. Bizitza behingo esperientzia da eta, ezertan hasi aurretik, izan beharko genuke txikikerietarako aldarrikatu ohi dugun zorioneko erabakitzeko ahalmen hori. Aukeran, berriz diot, nahiago sartzeko aterik balego, aldamenean informazio-bulegoren batekin edo, sartzerik merezi ote duen ala ez aldez aurretik sumatzeko.

Bai, badakit nire 1945ko sarrerak ez duela honezkero soluziorik, erreklamaziotan hasteko ere berandutxo dela, baina, horratik, sarbidea ezustean egin behar izan nuenez gero, irteera nire kasa egiteko abagunerik izango al dut? Eta, ezin izatekotan, txarrenean ere, ez behintzat niri esan ezustean alde egitea eskertzekoa denik. Ezkutuan, isilpean, inori ezer esan gabe alde egitea, gaizkileak bagina edo lotsatuta bageunde bezala, ez da batere dotorea. Ezpal oneko gizakumeak formak gordetzen jakin beharko luke.

Laburbilduz. Nik aurrez jakin nahi nuke noiz hilgo naizen, nahiz apurtxo bat sufritu. Ez behar bada hainbat urte lehenago, baina bai, behinik behin, zenbait egun edo astebete lehenago. Ez dut uste lartxo eskatzea denik, ezta inoren kaltetan litzatekeenik ere. Orduan… zergatik ez?

Hala ere, hori bai, aukeran, hogei urte barru... barrena!

jaime
jaime dio:
2016/07/17 17:33
Urte mordoa neraman nire Eibarko nerabezaroko lagun taldeari bisitatxo bat egin barik eta orain dela bi hilabete otu zitzaidan antzinako adiskideei besarkada handi bat ematea. Eibarrerantz joaterakoan, ermutartu zen Joxe nire lagun mina zain neukan eta besarkada anaikorrak trukatu ondoren aurrera jo genuen. Alfa aldean aparkaleku bat topatuta gero Untzagaraino helduta lehenengo adiskidearekin topo egin genuen; besarkada ematerakoan, Kandidok, izutua, esan zidan “Kontuz, Frantxu, minbiziarentzako tramankulua zeukaat sorbaldaren gainean”. Aurrerantz jo genuen elkarrekin Shanti herriko marrazkigilerik famatuenarekin enkontrua egin arte. Besarkatu ondoren, galdetu nion gure lagun taldeko adiskideei buruz eta izena eman ahala erantzun bakarra: hilik. Zeharo penaturik, Ipurua pean “Baten bi” Soziedadera joan ginen legezko afaria egiteko asmoz eta haranzko bidean “Corazonistetako” ikaskide batekin topo egin eta galdetu nion: “ gabon Joxe Mari etorriko al haiz gure afarira? “ eta bere erantzuna: “ ez, Frantxu, atake epileptiko batzuk ditiat eta normalki ez nauk horrelako jaietara joaten “.
Etxeranzko bidean pentsatu nuen komeni zitzaidala beste urte mordotxoan Eibarrera ez joatea.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal