Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ez musikarik hitzez kontatuko, ez Txaikovskirik berriro jaioko

Ez musikarik hitzez kontatuko, ez Txaikovskirik berriro jaioko

Amatiño 2026/06/11 11:00
Edozein ikuskizunetan amaiarekin asmatzea osoa garrantzitsua da. Eta, behar bada, are gehiago abonamendu-programa baldin bada, ikusentzulea zapore onaz etxeratu eta hurrengoan ere, irrikaz, lehengo lepotik itzul dadin. Denboraldi ona eta amaiera hobea. Euskadiko Orkestrak zinez jakin izan du asmatzen. Beste behin.
Ez musikarik hitzez kontatuko, ez Txaikovskirik berriro jaioko

Boris Giltburt

Euskadiko Orkestrak berriketarik gabeko kontzertuaz amaiera eman dio 2025-2026 denboraldiari, alegia: Prokofieven 3. Pianorako Kontzertua eta Txaikovskyren 5. Sinfonia. Michael Nesterowics, zuzendariaren batutapean. Piano aurrean, ostera, Boris Giltburg. Ikusentzuleek nekez ahaztuko duten kontzertua.

Sergei Prokofieven Pianorako 3. Kontzertua (1) da errusiarraren pianorako bost kontzertuetatik kritikarik onenak jaso izan dituena eta ikusleen artean, segurutik, ezagunenetakoa. Aldi berean, berriz, baita partiturarik bizi eta zailenetakoa ere, pianojotzailearen abilezia eta trebetasuna eten gabe galbahean jarri eta arnasa luzeko jardun neketsua eskatzen duena, konpositorearen sormen aberatsa gero etorri beharko duen jotzailearen erruki ez balitz bezala. Hala ere, jendaurreko egiazko orduan, Boris Giltburg pianotzailearen jarduna ikuskizun hutsa izan zen, belarriz zein begiz, inoiz gutxitan bezala. Miraria ere bada gero, hain gizon txiker eta mehar samarrak 1.800 lagun harri eta zur utzi izana ordu erdiz... zutitu beharrik gabe.(2)

Piotr IlitxTxaikovskyren 5. Sinfoniari (3) dagokionez, berriz, lau mugimenduak zein baino zein ezagunagoak (4), mila aldiz entzunak (5), eta beti ere publiko zabalak gozatuak. Euskadiko Orkestrak sarri interpretatu eta “bereganatuak” dituen horietako sinfonia da Txaikovskyren bosgarrena, beste behin dagoeneko lortua duen goi-maila adierazten duena.

Musika ez da literaturaz adierazteko diziplina, hitzen beharrik gabe entzun eta antzematekoa baizik. Jendea zutundu eta etenik gabeko txalo-zaparraden artean, auditoriumak, adorez eta amorez, gogotik eta pozarren eskertu zuen luzaro gogoratuko den ekitaldia. Datorren udazken arte.

---ooOoo---

1) Youtubek jasotzen duen kontzertuaren pianojotzailea ez da, bistan denez, Boris Giltburg, Martha Argerich baizik. Baina zailtasunaz jabetzeko balio dezake.

2) Propina bi ere eskaini zituen.

3) Youtuben azaltzen den kontzertua Galiziako Orkestrak eskainia da, Michael Nesterowicsen zuzendaritzapean, hain zuzen ere.

4) Behar bada, sekula historian egin diren sinfoniarik atseginenetakoa.

5) Besteak beste, nahiz jakin ez, edozenbat filmetan  erabili izan diren pasarteak. Eta Glenn Millerren Moon Love ospetsua Txaikovskyren 5. Sinfoniaren bigarren mugimenduaren egokiera da. Geroztik hainbat bertsio izan zituen, Frank Sinatrarena tarteko.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal