Foruen bihurrera, amnistia eta euskararen ofizialtasuna
Franco hil zen eta, aldi berean, frankismoa desagertu, baina ez horratik diktadura biharamunean amaitu. Haren heriotzak ez zuen, besterik gabe, erakundeak demokratizatu, alderdiak legeztatu, hauteskundeak bideratu, euskal autonomia eta kontzertu ekonomikoak (2) indarrean jarri, kartzelak hustu, euskara ofizialdu edo ikurrinaren erabilera onetsi. Guztia-edo lau-bost urteko ekinean zehar mamitu zen eta, Bergaran 1976ko uztailaren 21ean egindako aldarrikapena, prozesu haren katebegietakoa izan zen, artean Espainiako Gorte frankistak agintean zeudela.
Ez alderdi politikorik eta ez bestelako erakunderik ez zelarik, hainbat alkateren (3) ekimenak egin zuen deia, gonbit zabala eragin eta guztira 69 udalek (4) erantzun zioten eta milaka herritarrek, handik eta hemendik etorriak.
Egun hartako argazkien (5) arabera, eta Bergarako Udalaren manifesturen garrantzia eta esanahia inondik ere ukatu gabe, hiru dira Bergarako udaletxearen aurrean bildu zen jendetzaren artean zabaldu ziren pankartak: foruen bihurrera, amnistia eta euskararen ofizialtasuna.
Agiri ofiziala, Bergarako Udalbatzak aurretik onartua, Jose Luis Elkoro alkateak irakurri zuen eta, laburtu beharraren beharrez, euskal udal-tradizioa (6) gogoratu zuen, foru-sistema faltan bota, atzerrian hil edo bizi zirenak oroitu, etorkinekin bat egin, amnistia eskatu, euskararen ofizialtasuna zein Autonomia Estatua aldarrikatu eta ez Nafarroarik ahaztu (7).
---oo0oo---
1) Nafarroak 1841eko Lege Itunduaz adostu zuen Espainiako gobernuarekin foruen trantsizioa, baina beste hiru lurraldeek ez zuten ontzat eman nahi izan. Eta gero gerokoak.
2) 1936-1939 gerraren ondotik, Bizkaia eta Gipuzkoa “probintzia traidoretzat” jo eta, Nafarroa eta Arabari ez bezala, kontzertu ekonomikoa kendu zitzaien.
3) Une hartan, izatez, bat bera ere ez zen “demokratikoa”, alegia: ez hauteskundez hautatuak.
4) Gipuzkoako 44k, Nafarroako 13k, Bizkaiko 8k eta Arabako 5ek.
5) Bergarako udaletxeko balkoitik aterata.
6) Aurrenengo alkateen mugimendua 1931 urtean sortu zen, Errepublika garaian, Getxoko alkatea zen Jose Antonio Agirreren (gero aurrenengo lehendakaria izango zena) eraginez, Lizarrako Estatuarekiko eskakizuna erakarri zuena.
7) Aldarrikapen horiek guztiak elkarrekin egin (1976), hurrengo urtean (1977) aministia lortu eta ikurrina legeztatu, bi urte geroago (1979) hauteskundeak bideratu, Euskal Autonomia Estatutua indarrean jarri, euskara ofizialdu eta Nafarroak Euskal Autonomia Estatutan sartzeko aukera hiru lege-agiritan adierazi arren, ETAk armetan jarraitu zuen 2011 urte arte.
-------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Demokrazia-bidea
1975. Azaroaren 20an, Francisco Franco hil eta diktadura frankistaren amaieraren ekinera. Azaroaren 22an, Juan Carlos I Espainiako erregeren izendapena.
1976. Uztailaren 3an, Adolfo Suárez gobernuburu izendatu. Azaroaren 18an, Gorte frankistek Erreforma Politikorako Legea onartu zuten. Abenduaren 15ean, erreferendumez, Erreforma Politikorako Legea onartu, hauteskunde demokratikoak egin ahal izateko.
1977. Urtarrilaren 19an, ikurrinaren legeztatzea. Urtean zehar, lehen alderdi politikoen legeztapena. Besteak beste, PSOE (otsailean), EAJ (martxoan), PCE (apirilean), UCD (abuztuan) etab. Urriaren 17an, Amnistia orokorra. Urriaren 25ean, alderdi politiko eta eragile sozialen arteko Moncloako Itunak.
1978. Abenduaren 6an, Espainiako Konstituzioaren onarpena, erreferendumez.
1979. Martxoaren 1ean, Espainiako lehen hauteskunde orokorrak. Urriaren 25ean, Gernikako Estatuaren onarpena, erreferendumez, euskaren ofizialtasuna tarteko.
1982. Abuztuaren 10ean. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Foru Hobekuntzaren Lege Organikoa onartu zuen.
2011. ETAk armak utzi. 1977ko amnistiaren ondotik, ETAk 829 lagun erail zituen, 2.995 zauritu eta 86 bahitu.
