Iparraldeko notarioen euskarazko idatziak XVIII. mendean
Aipamena “Senpereko (eta Lapurdiko) euskara XVIII. mendean” liburuan dator, Ziburuko azken Liburu eta Disko Azokan ezustean aurkitu nuena. Ez dago gure barruti honetako beste aipamenik, baina ez da gutxi jakitea, Eibar inguruan ezezik, Senperen eta Saran ere egiten zirela harako pikak, sarri uste izan arren, Debabarrena arroa industria-tradizioaren jabe dela eta Lapurdin, aldiz, ardirik baino ez.
Euskarazko agiri zahar bila, Xabier Elosegik XVIII. mendeko notario lapurtarren 78 dokumentu aurkitu eta aztertu ditu, eta zenbait ondorio laburbildu:
1. Nahiz eta maiz aipatu izan XIX. eta XX. mendeak arte ez zela euskara idatzia eliza-gaietan baizik erabiltzen, XVIII.ean eta Lapurdin behintzat, euskaldunak izateaz gainera euskara erabili ohi zutela zenbait notarariok.
2. Mende hartan bazela, frantsesez tutik ere ez zekien lapurtarrik. Eta ez jende xumearen artean soilik baita nobleziaren artean ere (2).
3. Notarioek behar zutela euskaraz jakin, besteak beste hainbat bezerok ez zekielako besterik. Eta hizketan ezezik, itzultzeko eta idazteko ere gai zirela: ““après qu´il ma dicté En langue vulgaire basque Et que je luy ay leu et Releu a la meme langue”… (3)
4. Notarioek jaso izan ohi dituzten gaiak denetarikoak zirela, ezinbestez, etxe salerosketaz eta banaketaz, laborantza-kontuak, oihanei buruzkoak, senitartekoak, pika-egileenak etab.
5. Dokumentatuak dauden gaien berri emateaz gainera, Xabier Elosegik notarioek zerabiltzaten moldeak, hitz-zerrendak eta ortografia aztertu ditu, ez baitira zenbait batere ezagun edo ohikoak gaur egun. Baita, era berean, hainbat xehetasun, Senpereko oihanzaintzaz zein bertako jendeaz eta etxeez ere.
6. Ezin jakin zenbat izan ote zitezkeen euskaraz lan egiteko gai ziren notarioak, baina Xabier Elosegik zortzi aipatzen ditu: Martin Harismendy (Arbona), Jean Dolhagaray (Azkaine), Dhospital (Urruña), Bertrand Planthion (Arrangoitze eta Miarritze), Laurent Delissalde-Lahet (Ezpeleta), Michel Garrin (Bidarte), Jean Pierre Duhalde (Azkaine) eta Michel Duhalde (Senpere).
7. Dokumentazio historikoan euskara idatziaren presentzia aztertu nahi honetan, Xabier Elosegik bereziki hartu ditu gogoan “Textos arcaicos vascos” (Luis Mitxelena, 1964) eta “Contribución al estudio y edición de textos antiguos vascos” (Ibon Sarasola, 1990).
---oo0oo---
1) “Pikak urte luzeetako gerletan biziki erabiliak izan ziren oinezko gerlarien armak ziren. Zurezko haga luze (laupabost metro eta gehiago ere) batez eta burdinezko pieza xorrotxaz egina. XVII menderarte armada guziek erabiltzen zuten arma hau etsaien zalditeriaren kontra,Ondotik, baionetak ordezkatu zuen pika” <...> Ipar Euskal Herrian Senperen eta Saran ere pika-egileak izan ziren. Zonbait notari-agiritan irakurririk, banakien piken konfreria Senperen izana zela: piqua Eguitten Confreriary" (Xabier Elosegi).
2) Araban dokumentatua dago, 1571an bazela Agurainen familia noble baten alaba, Mari Ochoa de Villanueva, euskaraz baino ez zekienez, itzultzailearen beharra izan zuena (“Euskara y nobleza en la Llanada alavesa oriental”. Gervacio di Cesare eta Kike Fernandez de Pinedo. Fontes 115, 2012).
3) Egungo frantsesez: “après qu´il ma dicté en langue vulgaire basque et que je lui ai lu et relu a la même langue”…