Euskaldunok Espainia, omen, gustuko
Ocho apellidos vascos ez da, izatez, euskal filma, baina nekez ikusentzule arruntak sumatuko du ez denik. Ez du, segurutik, saririk irabaziko, baina bai, martxa honetan, sarrera-markaren bat edo beste hautsiko. Ez du, berehalakoan behintzat, ezelango eztabaida politiko sakonik sortaraziko baina bai, ordea, barre-algararik eragingo.
Aurreko ostiralean aurkeztu zenetik honako bost egunetan bereganatzen diharduen arrakastaren arabera, jakina da filmak gogotik asmatu duena era bateko zein besteko publikoa “biltzen, berotzen, pizten”. Vaya Semanita sailaren eskola (Borja Kobeaga eta Diego San José) dario nabarmen, eta aukeran datozkion topiko-andanak arrapaladan bilbatzen eta txikordatzen ditu, komeni ahala, hartu beharreko lizentzia guztiekin.
Teoriaz, behinik behin, ez da berdin izango film hau Argoitian edo Sevillan ikustea; ezta, agian, Getarian edo Barakaldon ere. Nik neuk Barakaldon ikusi dut eta, besterik uste nezakeen arren, funtzionatu egiten du, Clementerenak eta guzti. Mundiala, gero, Karra Elejalde.
Amaieran, guardia zibilaren alargunak-edo zera dio, gaztelaniaz: “bai, independentzia asko baina, azkenean, euskaldunek Espainia dute gustuko”. Ez dakit axioma hau frogatzerik ote dagoen, baina kontrakoa ere… nahiko lan!
Komedia erromantikoa, irrigarria izateaz gainera