Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskalduna arina omen. Baina, ibiltari arina ala buru arina ote?

Euskalduna arina omen. Baina, ibiltari arina ala buru arina ote?

Amatiño 2026/07/13 00:05
Bilboko Joan Santuen elizaren aurrekaldean bada esekita metro karratu inguruko xafla, non irakurri daitekeen, gaztelaniaz zein euskaraz, honako esaldi hau: “1810eko Bazkoa. Aparteko eguna. Euskaldunak bezala ibili naiz korrika. Stendhal”.

Zer egiten du testu horrek elizarik bilbotarrenaren aurreko horman? Stendhal Idazle frantsesak korrika egin al zuen inoiz Bilbon? Nori otu zaio holako xafla egitea eta nork erabaki zuen Bilboko bihotzean ezartzea? Zergatik Bazkoa eta ez Pazkoa?  Zer dela-eta?

Ez dago Stendhal sekula Bilbon egon zenaren frogarik --ez eta euskaraz zekienik ere--, baina bada “Voyage au Pays Basque” (1) liburua, non jasotzen diren bederatzi idazle frantsesen (2) Euskal Herriarekiko testigantzak. Euretariko bat Stendhal, zeinek, besteak beste, bere egiten du “Courier comme un basque” delako leloa, German Yanke kazetari bilbotarrak, 2008an argitara emandako “Stendhal. Viaje al País Vasco” argitalpenean, jaso zuena.

Baina, nola ulertu behar dugu “korrika egin euskaldunak bezala”  hitz-jokoa? Lehen eta behingoz esan behar da, Bilboko elizan dagoen oroitarriko testuak besterik adierazi arren, esaldia Stendhalek sinatua agertzen bada ere, ez dela idazleak bere kasa taxututako ideia, aurreko bi mendeetan Frantzian arrunt erabilitako leloa baizik. “Euskaldunak bezala korrika egin” edo “correr como un vasco” esaldien nondik norakoa nekez aurkitu daiteke Internetez edo AAz, euskaraz nahiz gaztelaniaz, baina, horra non, voilá! uste baino sarriago frantsesez bilatuz gero.

.

Joan Santuak
Xafla, ezkerrean, behean, gurutze atzean.

-- 1638. Courir comme un basque.

Ne vous desguisez plus, il faut lever le masque, / onger à la retraitte, et courir comme un Basque;

Euskalduna bezala korrika egin.

L´intrigue des filous antzerkia.

-/-

-- 1694. Aller comme un basque, courir comme un basque, pour dire, Marcher vite.

Euskalduna bezala joan, euskaldunak bezala korrika egin, "Bizkor ibili” esateko

Frantziako Akademiaren Hiztegia

-/-

--1842 Les Basques ont été toujours renommés pour leur agilité, et c’est parmi eux que les grands seigneurs choisissaient autrefois leurs coureurs.

Euskaldunak betidanik izan dira ezagunak beren arintasunagatik, eta jaun handiek haien artean aukeratzen zituzten korrikalariak.

Dictionnaire de proverbes

-/-

-- 1808. Marcher comme un basque. Marcher comme un fou; courir comme un écervelé

Euskalduna bezala ibili, eroa bezala ibili, buru gabe, arinkeriaz, korrika egin. 

Argot français classique

-/-

Hartara, beti ere, XVII. mendetik hasita, euskalduna bezain azkar, bizkor edo arin ibili. Gehienetan onerako zentzuan, baina ez beti. Ez da-eta berdin arineketan edo arin ibili ala arinkeriaz  jardun. Historiak hainbat aukera eskaintzen ditu. Semantikak gehiago. Eta esperientziak, berriz, hainbat mendetako bizitza luzeak bezainbat.

Baina, Stendhal sekula Bilbon egon ez bazen, esaldia ez bada harena eta, gainera, zentzua ez baldin bada beti onerako, nork jarriarazi du testu hori Joan Santuen elizaren atari ondoan? Segurutik gizonezko ausart eta buruarinen batek, esaldi frantses peto-petoak “chercher la femme” badio ere.

---oo0oo---

1) Egun agortua baina, gutxienez, Iparraldeko lau liburutegi publikotan dagoena.

2) Eugène Viollet-le-Duc, Stendhal, Théophile Gautier, Víctor Hugo, Hippolyte Taine, Prosper Mérimée, Alexandre Dumás et Jules Verne.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal