Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskal humanismoaren aztarren bila

Euskal humanismoaren aztarren bila

Amatiño 2026/07/26 18:42
Espainiako 1936-1939ko gerra zibilaren ostean argitara eman ziren lehen euskal argitalpenen artean “Gernika” aldizkaria izan zen, behar bada, anitzena. Bai euskaraz, gaztelaniaz zein frantsesez burututako idazlanak argitaratu zituelako, eta bai garai hartako euskal giroan jorratu ziren ikuspuntu guztien ekarriak biltzen saiatu izan zelako.

Gernika aldizkaria
1953ko lehen alea. Azkena ote?

"Eman eta zabalzazu. Al servicio del humanismo popular vasco" lelopean, zazpi herrialdeetako nahiz diasporako hirurogeiren bat idazleren emaitzak erakartzeko gauza izan zen Gernika, Rafael Pikabea kazetaria eta Isidoro Fagoaga (1) opera-abeslariaren ardurapean, aldizkariak indarrean iraun zuen zortzi urteetan (1945-1953) zehar.

Orduko idazle, irakasle, profesional eta pentsalari asko oraingo belaunaldirik zaharrenak ere nekez ezagutu zituen (2) arren, beste edozenbat, ordea, erdi-garaikideak izateaz gainera, aurrez aurre ezagutu ahal izan genituen, hainbat saio, ekitaldi, aurkezpen eta elkarrizketatan (3). Ez dut uste gaur egun belaunaldi hartako inor bizi denik.

Horrez gainera, Gernika aldizkariak Joanes Uharte Donibanekoa, Francisco de Vitoria, Martin Azpilkueta eta Juan Zumarraga aitzindariek ordezkatzen duten euskal tradizio humanistaren lekukotza kriseiluzat hartu zuen, Argien Garaiaren ondotik Euskal Herrian Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak aldarrikatutako berpizkundea azpimarratu eta, nolabait, Jose Antonio AgirreToribio EtxebarriaJose Mari Arizmendiarrieta eta Karlos Santamaria tarteko, mende erdi geroago Joxe Azurmendik aztertu zuen “pentsamendu pertsonalistaren” (4) abiapuntuak jarri. 

Baita Aitor Ortiz de Pinedo irakasle eta kritikariak ere, sakon eta zehatz asko, sarean osorik irakurri daitekeen  "Humanismoaren ideia gerraostean: Gernika aldizkariaren inguruan (1945-53)" deritzan saiakeraz (60 orrialde), hain zuzen.

Hiruhileroko aldizkariak zortzi urtez iraun zuen (1945-1953). Nik ditudan aleen artean (5), atzena 1953ko apirila-martxokoa da. Baina azkena urte bereko 25. zenbakia izan zen, urria-abendukoa. Urtea amaierarekin bukatu zen, beraz, Gernika aldizkariaren bidaia, lorratz dezenterik laga ostean.

 ---ooOoo---

1. Isidoro Fagoaga beratarrak, lehen-lehen mailako tenorra zelarik Italian, kantatzeari utzi zion faxistei jokorik ez egiteagatik, eta idazteari ekin. Gero aitortu zuen, ordea, opera-ekitaldi bakarrean urte guztian idazten baino gehiago irabazi arren, ezustean gogokoago suertatu zitzaiola idaztea kantatzea baino. Badirudi, Italian opera kantatzen egin zuen dirutzaz, “Gernika” aldizkariaren mezenasik handiena izan zela.

2. Seber Altuna, Ricardo Baroja, Pierre Lafitte, Dominique Duzau, Jesus Galindez, Rafael Pikabea, Nikolas Ormaetxea “Orixe”, Andima Ibiñagabeitia, Jon Mirande, Aita Madina etab.

3. Isidoro Fagoaga, Ixaka Lopez Mendizabal, Antonio M. Labaien, Etienne Salaberri "So egilea", Jean Diharce “Iratzeder, Justo Garate, Iñaki Eizmendi “Basarri”, Jose Migel Barandiaran, Julene Azpeitia, Mark Légasse, Txomin Peillen, Federiko Krutwig, Luis Villasante, Juan Gorostiaga, Jon Bilbao, Eusebio Erkiaga, Jon Etxaide  etab. 

4) Pensamiento personalista en Euskadi en torno la guerra. Joxe Azurmendi, 1996

5) Gurasoek utzitakoak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal