Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskal gizartea lehiakorra ote?

Euskal gizartea lehiakorra ote?

Amatiño 2023/12/14 11:49
Europar Batasuneko gizarterik zaharkituenetakoa, gazteriaren emanzipaziorik berantiarrena edo guraso izateko presarik gutxien duena… eredugarria izan al daiteke? Lanuzteak eta absentismoa beste inon baino handiagoak izatea lehiakorra ote?

Hainbat herrialdetan gertatu izan ohi diren zenbait industria-motaren metaketari darizkion abantailak eta ondorio onuragarriak aztertu zituen estreinakoz Alfred Marshalek, XIX. mendearen hondarrean. Hala ere, fordismoak (enpresa handi-mandien kate-ekoizketa bertikala) erakarri zuen ereduak gutxietsi egin zuen empresa txiki eta anitzen ekarpena. XX. mendearen erdialdetik aurrera, berriz, ford-taylorismoaren nekeak eta akidurak, batetik, eta industria-lurraldeen loraldiak, bestetik, ereduaren birraldaketa eragin zuen 1980tik aurrera. Are, Michael Porter Harvardeko Ekonomia irakasleak kluster-filosofia indarrean jarri zuenetik.

Segurutiuk definizio horrek abiapuntu eta ikuspegi arrunt desberdinak bidera zitzakeen AEBn, Europan edo Taiwanen, baina euskal gizarteak sekulako harrera abegitsua egin zion industria, teknologia eta ikerkuntza esparruan. Hogei urte geroago, 16 kluster dira Euskal Autonomia Erkidegoan eta 8, berriz, Nafarroakoan. Oro har, ondo funtzionatzen duen eredu eraginkorra, mundu mailan aitortza preziatua duena

Klusterren nondik norakoaren barruan hainbat adigai dira (lankidetza publiko-pribatua, sektore bereko partaideen arteko elkarkidetza, kate-balioaren eraginkortasuna etab.) baina, besteak beste, bada bat gurean, sorrera beretik, azpimarratu beharrekoa: “herrialdetasunaren” estrategia edota “atxikitasun-zentzua”.

Alegia, nazioarteko merkatuan elkarren kontra lehian ari direnak ez direla markak, enpresak, produktuak, zerbitzuak, prezioak eta estrategia komertzialak soilki, baita herrialdeak ere, tokian tokiko erakundeen ekimenak, ongizate-maila, irakaskuntza zein ikerkuntzaren garapena, giza-baliabideen prestakuntza, produktibitatea eta, oro har, gizarte osoaren atxikimendu, erantzukizun eta erakargarritasuna. Beste modu batez esanda, kluster filosofiaren ildotik, elkarri begira aurrez aurre diharduten lehiakideak ez direla, funtsean, enpresak soilik, jakineko gizarte osoak baizik, euren baitako sare eta eragile guztiak tarteko.

Abiapuntu horretatik, benetan uste al dugu euskal ekosistema lehiakorra dela? Europar Batasuneko gizarterik zaharkituenetakoa, gazteriaren emanzipaziorik berantiarrena edo guraso izateko presarik gutxien duena… eredugarria izan al daiteke? Lanuzteak eta absentismoa beste inon baino handiagoak izatea lehiakorra ote? Zer esan genezakeen aurrezkiak bertako enpresetan inbertitzeko joerarik ezaz edo kilometro zeroaren aldeko gure harrokeria faltsuaz?

Demagun —asko ematea bada ere— horrek guztiak zentzuren bat izan lezakeela. Baina… zentzua zentzu, merkatuan lehiatzeko abantaila ote?

Euskal gizartea lehiakorra ote? Enpresabidea

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: