Euskal batailoiaren epopeia
Francoren Altxamendua nagusitu ostean Espainiatik alde egindako edozenbat iheslari Frantziako Erresistentzian sartu ziren, Alderdi Komunistak antolatutako UNE (Unión Nacional de España) delakoaren baitan. Atzerriko Eusko Jaurlaritzak (3), berriz, Gernika Batailoia osatu zuen, buruzagi zelarik Kepa Ordoki, zeinek berrehun inguru gudari bildu zituen bere ardurapean. Batailoi honen nondik norakoa zehatz asko jaso du Franck Dolosor kazetariak: Gernikako Batailoia. Askatasunaren ametsa izenburupeko liburuan (Pamiela, 2025).
Ez da orain laurogei urte gertatuaz egindako lehen kronika, 2015ean ekoiztu baitzuten Baleukok eta Mara Filmsek 60 minutuko “Gernika Batailoia” dokumentala, Franck Dolosor bera eta Iban Gonzalez gidoilari zirelarik
Ondorengo hamar urteotan informazio gehiago bildu ahal izan da, ez soilik denbora berez lagungarri suertatu delako, baita –edota areago— harako dokumentalak hainbat informazio-leiho berri ireki ere ireki ahal izan dituelako. Eta, batez ere, ezustean, hainbat batailoikideren senideei inoiz pentsa ezinezko aztarren eta zantzu berriak sumarazi zizkietelako (4).
Pamielak argitara emandako liburua txukuna da txukunik bada, eraz eta moldez. Literatura gutxi eta informazio zein datu zehatz asko, Dolosor kazetari lapurtarrak ongi dakienez. Balio handiko argazki-bilduma (5), berriz, batez ere kontuan izanik duela laurogei urteko gertakariez ari dela. Eta ezohikoa, gainera, mugaz gaindiko zubigintza, tamalez ez baitira historian zehar asko, bi mugaldeetako euskaldunak elkarrekin aritutako trantzeak, zer esanik ez ukondoz ukondo armetan jarriak.
Aipagarri ere, eta eskertzekoa --nire ikuspegi soila besterik ez izan arren-- liburuaren diagramazioa moldatzerakoan jende adintsua (6) gogoan-edo hartu izana, neurriz, hizki-moldez eta argitasunez, “espazio zuriak” ere eskuzabalez kudeatuz.
---oo0oo---
1) Grava Punta. Pointe de Grave.
3) Agirre lehendakariaren ametsa, Manuel Irujo sailburuak eta De Gaulle jeneralak elkarrekin adostua.
4) Liburuaren azaleko argazkia ere, esaterako, geroztik bildutakoa da.
5) Guztira laurogeiren bat.
6) Liburuak, idazkiak, programak nahiz errotulazioak izan, zenbait diagramazio-mota eta molderi nabarmen sumatu ohi zaie diseinugilearen adina, argitasuna jarri izaten baitute estetikaren morroi.