Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Eurozentrismoa

Eurozentrismoa

Amatiño 2008/10/07 23:26
Greenpeacek espainiar Estatuko ikatz-zentral termikoak ixtea eskatu du, “CO2 emisioen %15 eragiten dutelako, errentagarriak ez direlako eta, laguntzarik jasotzen ez badute, hurrengo 24 urteetan ikatzik ezaz itxi beharko dutelako”.

Esan gabe doa bat natorrela ikatz-zentral termikoak itxi beharrarekin. Are gehiago, beti harritu egin nau zenbait ekologistaren nolabaiteko eskizofreniak: batetik ikatz-termikei (eta batzuk, ikatzez ezezik, merkatuko ikatzik zikinenaz ari dira) pasamisi egin eta, bestetik, haize-errotarik berrienei mortalak eta bi leporatu.

Ez nator bat, ostera, ikatzarenak egin duela esaten dutenekin. Behar bada egia izango da ikatz-meatzeak erabat ahituko direna 24 urte barru, baina, ahitzekotan, Espainiako meategietan ahituko dira, ez behintzat munduan. Honek ez dut esangura espainiar inguru-minguruan gertatzen denaz arduratu behar ez denik, baina ez du balio hitzetik hortzera klima aldaketa aipatzea eta, gero, eurozentrismoaren ardatzetik atera ezinik jardutea.

International Energy Agency-ak (IEA) argitaratutako World Energy Outlook 2007 delakoaren arabera, gaur egun honelatsu da munduko energia-kontsumoaren gazta, zatirik handienetik handienera: petrolioa %35; ikatza %25; gasa %21; berriztagarriak (hidroelektrikoa tarteko) %13; eta nuklearra %6.

Hurrengo hogeitaka urtetan %55 gehituko omen da munduko energia-kontsumoa, eta ez mendebaldeko ekonomian (USA, Europako Batasuna, Japonia…) gehituko delako, BRIC (Brazil, Errusia, India eta Txinaren akronimoa, ingelesez) deritzon taldeko estatuen kontsumoa ikaragarri haziko delako baino. Eta, ondorioz, 2030eko gazta, beste honela izango omen da, ordena berean, hain zuzen ere: petrolioa %33; ikatza %26; gasa %22; berriztagarriak (hidroelektrikoa tarteko) %14; eta nuklearra %5.

Datu hauek zera adierazten digute: lehen eta behingoz, kontsumo-banaketa ezer gutxi aldatuko dela, hainbeste ahaleginen ondotik ia berbera alegia; eta, ondorioz, zenbaitek berehala pentsatuko du energia-kontsumoa %55 gehitzea onartezina dela eta horrela jarraituz gero hondamendira goazela. Hala ere, inor astintzen hasi aurretik, zera ere gogoan izan behar da: hazkuntza honen nondik norakoa ez dela mendebaldeko ekonomian aurkitu behar, Indiako eta Txinako hiritarrek gu bezain ondo bizi izateko aldarrikatzen duten eskubidean baino.

Auskalo zein den irtenbidea, baina soluzioa, inon egotekotan, ez dago zenbait ekologistaren eurozentrismoan.

 Ikatz-zentralak espainiar Estatuan

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: