Europako Balkoia: abegi ala gotorleku?
Filmak izenik aipatu ez arren, guztiz identifikagarria suertatzen zen Nerjako hondartza, non, eguzkia hartzea baino beste ardurarik ez zuten turistak etzanda zeunden lasai asko, munduan bestelako zeregin garrantzitsuagorik ez balego bezala. Halakoren batean, nahiz lehen ikusmiran ulertu ez, itsasaldera begira ari den norbait jabetzen da datorkien patera-andanaz eta jende-motaz, ezusteko arriskuaz alegia. Ondotik haren ingurukoak eta, errenkadan, bazter batetik besterako hondartza-kide guztiak izutuko dira eta, beldurraren beldurrez, toallak eta zorroak soinean hartu, jarlekuak bertan behera utzi eta hanka egingo dute ziztu bizian, sorosleak zapi gorria masta-puntaraino jaso izan balu bezala.
Itsasotik esku-hutsik heldu berri diren arrotzak jabetzen dira bere kasa gelditu den hondartzaz, bat-batean zaindaririk gabe geratu den lur amestuaren pare, baina, behin zailena eginez gero, hurrengo urratsa zein izan ote zitekeen asmatu ezinik. Ez zen-eta nonbait, bakardade hori, espero zutena.
Azken sekuentzian zer gertatuko eta, hara non Nerjako Europako Balkoian agertzen diren "Kasko Urdin" armatuak, europar segurtasuna eta ongizatea defenditzeko hesiarenak egiten.
Orduan txundigarriak iritzi zitzaizkidan irudiak ez ditut geroztik ahaztu. Bai, ostera, ondoko urteetan izan diren hainbat gertakari tarteko, sarri gogorarazi .Baina ez, ordea, filmaren izenbururik. Ezta jakineko aktorerik ere. Kolorez zela eta telebistaz ikusi nuela.
Duela zenbait urte Felix Linaresi galdetu nion hartaz, baina ez zuen batere aztarrenik aurkitu. Oraingo honetan, berriz, orduan izan ere ez zen adimen artifizialaren pare bat programari egin diot galdera berbera.
Lehena, erantzun txukuna, nahiz jakin ez
Normalean erabili ohi dudanak zera erantzun dit hitzez htz: “Irudi hori ez zen, ordurako, fikzio hutsa. Baina bai berria Nerjako hondartza betetzen duten ehunka afrikar, hondartzatik ihes egiten duen turista-jendea, eta goian Kasko Urdinak inbasioa geldiarazteko zain: horrek jada etorkizuneko Europako migrazio-masibo baten alegoria politiko edo distopikoa dirudi. Berria ere Balcón de Europa Mediterraneoaren gaineko muturra aipatzea eta Afrikatik etor zitezkeen erasotzaileen behaketa-postu militartzat jotzea ere, ikuspegi argiarekin Afrikako kostaldea ikus daiteke-eta bertatik.
Beraz, zure oroitzapeneko azken sekuentzia benetan horrelakoa bada, filma aurkitzea oso interesgarria izango litzateke, ez bakarrik zinema-galdutako pieza bat aurkitzeagatik, baizik eta 1980 inguruko zinemagile batek gaur egun hain ezaguna zaigun migrazio-eszena hori nola irudikatu zuen jakiteagatik.
Bigarrena, nahasi samarra, ezjakintasuna aitortzeke
Laburbilduz (jatorriz gaztelaniaz): “Nerjako balkoi/biribilgune hori, itsasoaren aurrean, Europako Balkoia da. Eta bai, 80ko hamarkadako film batean Kasko Urdinak ateratzen dira, hain zuzen ere, hor. José Luis Borauren "Tata mía" (1) da. Carmen Maura, Alfredo Landa, Xabier Elorriaga eta beste batzuekin. Azken sekuentzia giltzarri bat dago hor, biribilgunean, itsasoari begira. Trama osoa itsasoz iristen diren errefuxiatu talde baten eta kostaldeko herrian sortzen den kaosaren ingurukoa da. Filma satira/drama bat da. Ez da oso ezaguna, baina Nerjan kasko urdinekin amaitzen den hori oso gogoan du inguruko jendeak”.
Kontua da, ordea, Xabier Elorriagari telefonoz deitu eta zera esan didala: “Tata mía” komedia da, eta ez da Kasko Urdinik inon agertzen.
Beraz, komedia edo tragedia izan, suspenseak dirau. Benetan heltzen direnean jakingo dugu.
1) Filmaffinityk dioena ez dator bat AAk aipatzen duenarekin.
- Europako Balkoipeko abegi-hondartza.
