Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Europa 1908-2008

Europa 1908-2008

Amatiño 2008/02/28 12:19
"Orain ehun urte munduak berrogeita hamar estatu zituen eta sei inperio. Oraingo mundua, berrehun estatu eta inperiorik gabe -- Ipar Ameriketako inperio ekonomikoa eta Txinan zein Indian izan daitezkeenez aparte--, ordukoa baino hobea ala txarragoa al da? Balantzeak adierazten du gure gaurko mundu hau askoz ere hobea dela".

Adierazpen hauek Alex Salmond Eskoziako ministro nagusiak egin berri dizkio El Correo egunkariari. Scottish National Party alderdi abertzalearen buruzagi honen ustez "orain dela ehun urte --segurtasunez, zenbait kasutan; ekonomiaz, sarri asko-- herriak inperio ekonomikoen ardurapean babestu izaten ziren. Orain, berriz, beste zenbait botereren susperraldia ikusten dugu, Europako Batasunaren konfederazioa lekuko, eta Europako Batasunaren defendatzailerik sutsuenak estatu txikiak dira, sumatzen baitute elkarrekin bizi ahal izateko ikuspen konfederala onuragarria dela. Uste dut Europako Batasuna hobea dela hogeita bost estaturekin seirekin baino".

Zail da gero azken ehun urteotako mapa mundian ezer bereiztea, baina hona 1908ko mapa europarra. Mendebaldean, oriz, Britainiar Inperioa. Iparrean, ilunxeago, Suedia eta Norbegia garai hartan elkarrekin erresuma berean. Ekialdean, berde argiz, Errusia Ororen Inperio handi-mandia. Erdian, gorrizka, Alemaniako Inperioa. Beronen barrenean, berde ilunez, Austriar-Hungariar Inperioa eta hegoaldean, morez, Inperio Otomanoa, Albania,  Mezedonia eta Montenegro ere barnean zituela. Hala ere, Jugoslavia izango zena oraindik asmatzeke, oraingo egoeraren pareko edo. Guztira 420 milioi biztanle zituen Europak orain dela ehun urte.

Europa  1908

Hemen, berriz, 2008ko mapa, Kosovoren independentziaren aurretik. Imperioak desagertu dira; Suedia eta Norvegia banatu, eta hainbat estatu berri azaldu: Irlanda, Polonia, Finlandia, Estonia, Letonia, Lituania, Eslovakia, Eslovenia, Txekia, Bielorrusia, Georgia, Ukraina, Albania, Mazedonia eta Moldavia tarteko. Biztanleak, berriz, guztira 733 milioi.

 Europa 2008  2008

Zer esanik ez Errusiar Inperioaren barruko beste hainbat estatuk ere independentzia lortu duela, nahiz eta europarrak ez izan. Horra, esaterako, Azerbaijan, Turkemenistan, Uzbekistan, Kasajistan, Kirguzistan eta Tayikistan. Eta, mendebaldeko kolonizazioaren ondotik XIX. eta XX. mendeetan gainerako lau kontinenteetan burujabetza lortu zuten edozenbat estatuez gainera (Kanada, Australia edo Zelanda Berria bezain handiak eta aberatsak, zenbait), azken hogei urteotan ere independentzia lortu dute beste hainbatek, Namibia eta Eritrea kasu Afrikan eta Ekialdeko Timor Ozeanian.

Arrazoi politikoak alde batera utzita, nik nere lanbidez sarri erantzun behar izaten diot  Euskal Herritik kanpo behin eta berriz egin ohi den galderari: "Baina, Euskadi bezain herri txikiak izango al luke irauterik bakarrik?" Nik zera erantzun izaten dut: ekonomia gogoan hartu beharreko datua da segurutik, edozein herriren independentzia aldarrikatzerakoan, baina ez da adierazle bakarra eta are gutxiago garrantzitsuena. Eta, edozein modutan, historiaren eskarmentuari bagagozkio behintzat, nekez aurkituko dugu herri independienterik bere askatasunari uko egin dionik hilaren azkenera heldu ezinagatik.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: