Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Etxenike, kimika oneko fisikaria

Etxenike, kimika oneko fisikaria

Amatiño 2026/11/16 09:05
“Pedro Migel Etxenike. Euskal zientzialari unibertsala” (Pamiela, 2026) da Fermin Erbiti kazetari iruinsemeak egindako elkarrizketa, non, samur asko, maisuki, azaltzen duen sekula izan den euskal zientzialaririk handienetakoari egindako elkarrizketa.

Ez da 1950ean Izaban jaiotako mutikoaren istorio pertsonala; ez 27 urterekin Bartzelonan katedradun izatera iritsi zen gazteareana; ez lehen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburua izateaz gainera, Kultura sailaz eta gobernuaren bozeramailetzaz arduratu behar izan zuen “gizon orkestraz”; ezta, soilik, transferentziak negoziatu, euskal eskolaren eredu berria sortarazi, euskararen normalizazioa sustatu, euskara batua defenditu edo EHU bultzatu zuen politikoaz, ezpabere azken laupabost hamarraldiotan Euskal Autonomia Erkidegoa espainiar Estatuaren buruan (1) jarri duen politika zientifikoaren diseinatzailearen nondik norakoa.

Carlos Garaikoetxea lehendakariaren aurrenengo gobernu hartako (1980-1984) hamahiru sailburuetatik, bik baino ez diraute gure artean, eta Pedro Luis Uriarte Ekonomia eta Ogasun sailburuak negoziatu zuen Kontzertu Ekonomikoaren funts-funtsezko garrantzia behin eta berriz azpimarratzeaz gainera, aitortu ere aitortu beharko, eskuratutako ahalmen guztiek ezer gutxi balio izango zutela, Etxenikek oinarriak eta norabideak hasiera beretik jarri izan ez balitu. Alegia, hezkuntzan, kulturan zein euskara arloan orain normaltzat jotzen ditugun hainbat abiapuntu norbaitek denboraz amestu eta asmatu izan ez balitu.

Fermin Erbitik trebeki bideratzen du elkarrizketa (2), zeinean berrehundaka galdera-erantzun labur bezain bizi eta ulergarritan, orotariko gaien gisara abiatzen den jarduna: politikaz, zientziaz, ikerketaz, unibertsitateaz, talentuaz, gazteriaz, euskaraz, sinesmenaz, printzipioez, balioez eta hamaika gehiagoz (3). Etxenike irakurle ona ez ezik, itzelezko memoriaren jabe ere bada, dena gogoratzen du, ez dio batek ere ihes egiten, entretenigarria da, informazio galanta eta humore sobera ditu, bere buruan sinesten du eta preziorik gabeko askatasunez mintzo da.

Elkarrizketa osoa hamabi ataletan banatu du elkarrizketagileak eta, behar bada, bat aukeratzekotan, “Zientzia, abentura kolektibo humanizatzalea” titulupekoa dateke, egungo Petro Miguel Etxenikeren “etxeniketarrena”. Bere gogoetak eta aholku baliotsuak. Zientziaz batere jakin ez arren, gogotik irakurtzea merezi duen 25 orrialde xumeko saiakera.

Hurbilekoen iritzi eta lekukotzak

Elkarrikeztaren osagarri edo, aleak Etxenikeren beraren hainbat lagunen iritziak bildu ere biltzen ditu. Besteak beste, Carlos Garaikoetxearen ustez, Etxenike “intelektualki bikaina, humanista, abertzalea eta euskaltzalea” da. Jose Maria Pitarkeren iritziz “Pedro bakarra da, errepikaezina”. Ignacio Lopez-Goñiren aburuz, Etxenikek uztartuak ditu “zorroztasun zientifikoa, sakontasun filosofikoa eta sentsibilitate humanistikoa”. Arantxa Urretabizkaiari Pedrok “bizitza aberastu" dio eta Xabier Euzkitzeri, berriz, “fisika aintzatetsiz, kimika sentiarazi.”

Umoreari eutsita, Juan Ignacio Perez Iglesiasek dioenez, “Pedro oso pertsona ona da. Eskuzabala da, bai intelektualki, bai materialki eta hagitz adeitsua… argia, azkarra, distiratsua, zorrotza, bizia, jakin-min handikoa…” Baina, betiko baina, Jack Lemmonek (4) esan bezala, ‘nobody´s perfect’, “Pedrori ezinegona sortzen zaio berarentzat begi bistakoa dena azaltzen badiote… zu oraindik ere zure argudioak nekez borobiltzen ari zaren bitartean, berak osotua du bere argudioa”.

Ricardo Díez Muiñoren hausnarketaz, azkenik, Etxenike, ezer baino lehenago zientzialaria da. “Ez litzateke bidezkoa izanen Pedro Miguel Etxenikeren bizitza bere jarduera zientifikora murriztea. Baina, ere berean, ez litzateke bidezkoa izanen pentsatzea jarduera zientifikoa bere bizitzako beste alderdi bat besterik ez dela. Bere nortasunaren, pertsonaren eta gizarteari egiten dion ekarpenaren funtsezko elementua baita”.

---ooOoo---

1) 1980eko Eusko Jaurlaritzak aurkitu zuen gizartean, I+G+B arloko inbertsioa BPGren %0,069 zen eta Espainiarena %0,345. Hogeitaka urte geroago, berriz, EAEko I+G+B inbertsioa BPGren %2,32 da eta Espainiakoa %1,47. Hau da, inbertsioa 33 aldiz biderkatu da Euskadin, eta Espainian 4 bider. 

2) Fernando Reyren itzulpena.

3) Etxenikek berak jendaurrean aitortu bezala: "Agertzen den guztia nik esandakoa da, baina hobeto adierazia".

4) "Some like it hot" (Con faldas y a loco).

.

Gernikako Estatutua
Amelia Baldeón, Jesus Altuna, Pedro M. Etxenike, Xabier Lete, Jose Joxe Joan González de Txabarri eta Luis Aranberri. Gernikako Estatuaren aldeko mahaia. Gasteiz, 1979

.

Armendariz, Etxenike, Atxaga
Montxo Armendariz, Pedro M. Etxenike eta Bernardo Atxaga
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal