Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Etxekoen eta etxekoaren zoramena

Etxekoen eta etxekoaren zoramena

Amatiño 2025/08/14 17:10
Donostiako Victoria Eugenia antzokia benetan mukuru beteta, ikusentzuleek etxekotzat hartu zuten Xabier Anduaga km-zeroko tenorra. Gutxi, gero, bera bezain etxeko. Antzokitik harrikada batera jaioa, Donostiako Orfeoian umetatik hasia eta sei urte baino ez zituela sortutako Musikenen (1) ikasia, egungo euskal tenorrik onenak “etxean” jokatzen zuen… igarri-igarrian.
Etxekoen eta etxekoaren zoramena

Xabier Anduaga

Ez zen, ordea, estreinako azaltzen herrikideon aurrean, pare bat egun lehenago hainbat minutuz kantatu baitzuen, Zurriolako Kursaalean, Stabat Mater ereserkia zela-eta. Hain zuzen ere, nahiz nabarmen ondo kantatu, oso urduri agertu omen zen, artistarik onenaren erraietako beldur ezkutuaz jabetzeko gauza diren adituek esan didatenez.

Ez zitzaion inondik ere beste horrenbesterik sumatu, ostera, ezker ibarreko Victoria Eugenia antzokian (2). Bere eguna, bere hitzordua, bere publikoa, bere etxeko jendearen aurrean (3), herriko semeak lasaitasuna eta miresmena baino ez zituen sentitu aretoaren atmosfera erromantikoan (4).

Maciej Pikulski pianojotzaile poloniarra (5) lagun, denetik eta denetarik bildu zuen errepertorioak: Donizetti, Listz, Verdi, Schubert eta abarrekin ekin eta Pablo Sorozabalen La tabernera del puerto zarzuelarekin (6) amaitu.

Amaitu, bai, baina ez erabat. Ondotik etorri ziren "aurrez erabakitako” propinek bihotza dardarka jarri ziguten, Haurtxo txikia sehaska-kantaz bukatzeko eta ez, hain zuzen, lo geratzeko.

Baina ez zen, ordea, hor ere bukatu. Jendeak zutik txaloka ziharduela, amaitutzat-edo jo eta, antzokiko lehen argiak isiotu eta ohiko ikusentzulerik zazpikienak hanka egiten ari zirela, horra Anduagaren azkenaren atzena eta, hara, ondoko zoramena. Ez du erraz ahaztuko.

Nazioarte mailako euskal tenorren katea

Xabier Anduaga dugu, gaur gaurkoz, euskal tenorrik bikainena. Nork daki nazioarteko tenorrik onenetakoa izatera iritsiko ote den, baina zalantzarik ez gero, azken bi mendeotan Euskal Herrian errenkadan sortu izan diren nazioarteko tenor handi horietako bat dela honezkero.

Lehena Pedro Unanue (1814-1846) izan zen. Ondarroarra hil baino urte bi lehenago jaio zen Julian Gaiarre (1844-1896). Eta Erronkarikoa zendu baino hiru urte aurretik sortu zen, Beran, Isidoro Fagoaga (1893-1976). Xabier Anduaga (1999) beste katebegi bat ezartzera dator, eta ez du azkena izan beharrik. Jaioko dira berriak.

---oo0oo---

1) Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia, 2001.

2) Aurrealdean ditu sei musikagileren eskulturak: Munibe, Arriaga, Eslava, Gaiarre, Gaztanbide eta Santesteban.

3) 900 lagun, anfiteatroko puntarik puntaraino.

4) Berezko estiloa zinez barrokoa  bada ere, lekuari sekulako erromantizismo puntua dario.

5) Maciej Pikulski piano-irakasle da Musikenen. Aparteko curriculuma du nazioartean eta, ezertan bereizten baldin bada, interprete handien laguntzaile gisa, hain zuzen ere.

6) Egungo belaunaldiak ezer gutxi daki zarzuelaz, baina nire amama zenak, Antzuolako Olazabal baserriko alabak, gaztelaniaz bizkorrena ez izan arren, buruz kantatu ohi zituen Pablo Sorozabalen “La tabernera del puerto” eta giro berekoak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: