ETBren nazioarteko informazioaren jauzia
Beti ere zaila baldin bada Euskal Herriko talaia xume honetatik nazioarteko informazio lehiakorra egitea, zer esanik ez, gero, puri-purian dagoen munduko ordena berriaz 45 minutuko erreportaia burutzea, eta ez merkatuak eskaintzen dituen hamaika agentziaz baliatuta edo han-hemenka aditu ezagunak elkarrizketatzen, ezpabere munduan barrena abiatu, giltzarri diren bospasei herrialdetara beren beregi joan eta tokian tokiko lekukoen aburu eta ikusmirak bertatik bertara jasoz, euskaraz maisuki laburbildu eta ikusentzule arrunta hartaz jabetzeko moduan azaldu.
Erraza-edo da Estatu Batuen eta Txinaren arteko lehiaz orain jardutea eta aldatzear dagokeen munduko ordena berriaz pare bat ideia orokor adieraztea. Ez da horren erraza, ostera --nabarmen aberatsagoa izateaz aparte—, jakineko potentzien abiapuntuak zuzenean kontrajarri beharrean, harako lehiaren ondorioak euren eguneroko bizitzan jasango dituztenen zelaietara jotzea, non modu batez edo bestez --eta ez bertakoen hautuaz-- jokatzen diren handi-mandien sokatirak aztertzea.
Panamako kanalaren merkatu-interesak eta Kuna herri indigena… Oman eta Ormuzko itsasarteko petrolio zein kontrabando-trafikoa… Dragoi Gorriaren eragina Txinako itsasoan eta Filipinak… Guadalcanal eta Solomon uharteak Itsaso Barean… Groenlandia eta Artikoko inuiten nahi eta ezinak… Eta guztia buruz buruko jatorrizko elkarrizketez, lekuan lekuko irudi originalez eta, beti ere, edozein lehiaketatan erakusteko moduko fotografiarik ederrenen eta pertsonalduenaz, teknologia berria eta berriketa gabeko ekoizpen-lana tarteko. Gauzak ez dira berez egiten.
Berrogei urteko jauzia
ETBk 1983an ekin zion eguneroko “Gaur Egun” albistegiari eta urte berean kontratatu zituen Bruselan lehen kazetari eta ekoizpen-zerbitzuak. Ekoizle-taldea belgikarra zen eta kazetaria, berriz, 1936-39ko gerra ostean erbesteratutakoen semea, telebistan euskaraz samur egiteko beste ez bazekien ere. Aldi berean, Bartzelonako eta Madrilgo informazioa iruditan baino ez zen jasotzen eta ahotsa hemen ezarri.
Berrogei ute geroago, ETBk kazetari euskaldunak ditu, Bruselan, Bartzelonan eta Madrilen ez ezik, baita Paris, Londres, Berlin, Istanbul, Beijing, Nairobi, New York eta Buenos Airesen ere. Kazetariez gainera, Beijing, Brusela, Londres, Madril eta Parisen produktoreak ere izan badira. Zerrenda luze horri ezarriz gero Bilboko erredakzioan nazioarteko informazioaz arduratzen direnak, gaur egun handiagoa da ETBn nazioarteko talde soila, 1983an “Gaur Egun” erredakzio guztia baino.
Orduan esan izan baligute berrogei urteren bueltan maila honetara iritsiko ginenik, ez genuen sinetsi ere egingo. Heldutasun horren fruitu da “Gaur Egun” eta “Teleberri”ren eguneroko nazioarteko informazioa, eta jauzi handiaren adierazgarri, berriz, Potentzien lehia handia azken dokumentala edo duela urte bi egindako Artikotik Kantaurira izenekoa. Hain zuzen ere, edonork hitz egiten du orain Artikoaz, baina kamera lepoan hartu eta Groenlandiara joan, inor gutxik egin zuen 2024ean.
Beste kontu bat da, goi mailako “normaltasun” oparo honen garrantziaz jabetzeko gauza ote garen…
