Eta zu, zer aldetan zaude?
“La buena suerte” filma (2025), ezustean, isilik-misilik, pasatu izaten diren film horietakoa da, baina merezi du. Gracia Querejetaren (1) zuzendaritzapean, Nafarroa inguruan gertatu eta euskal aktore (2) faltarik ez izateaz gainera, thriller entretenigarria da oso, maitasunak (zentzurik zabalenean) irabazten du eta jarrera pertsonala eta zortea eskutik doazela iradokitzen.
“La buena suerte”, Rosa Monteroren izen bereko nobelan (2020) oinarritua dagoen arren, Gracia Querejetak ez du Ciudad Realeko Pozonegro alegiazko herrixkan kokatzen, Errioxako Alcanadren (3) baizik, eta Iruñean, Oteizan, Muruzabalen, Obanosen zeinTafallan egindako grabazioak baliatzen. (4)
Lekua da, ordea, gutxiena. Trenez, noraezean, arazoei garaiz aurre ez egiteagatik, senetik kanpo ihesi doan Pablo arkitektoa (Hugo Silva), edozein geltokitan jaisten da eta, bertan, gurasoek abandonatu zuten arren haienganako esker onez zoriontsu bizi den Raluca (Megan Montener) ezagutuko du. Arkitekto urbanita arrakastaren jabe da baina gainditu ezinezko harra darama barne-muinetan. Raluca apala, berriz, nahiz jarri zioten izena ere gustuko ez izan, baikortasunik baino ez du eta etxe-atarian erratza pasatzeko ere gertu dago, bestela beste inork egingo ez duelakoan.
Sekuentziek aurrera egin ahala, guardia zibilaren (5) peskiza paraleloak ere tarteko, matazaren korapiloa askatzen joango da eta, Ralucaren laguntzaz zein gurpil-aulkian bizi den agure zaharraren (Miguel Rellan) filosofiaz, dena ez da erabat konponduko (denak konpondu beharrik ez baitu), baina ikusentzulea aterako da zinema-aretotik gustura, lasai, pozarren eta adoretsu, 90 minutu interesgarri bezain atsegin pasatu dituelako.
Mentura eta jarrera anaierdiak omen.
1) Josean Bengoetxea, guardia zibilen burua, eta Itziar Aizpuru, supermerkatuko amonatxo aingerutarra.
2) Elias Querejetaren alaba.
3) Arrakala nabarmen samarra, filmak erakusten digun herrixka txikiaren eta bertan omen dagoen hipermerkatu handixkiaren artean.
4) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso du, zinemagintza suspertzeko programen baitan.
5) Zenbait elkarrizketa borondatetsuegiak, nonbait.