Eta Makiavelo hain oker ez balebil?
Egia da, batere zalantza izpirik gabe, Nikolas Makiavelok arrazoitu zuela politikagintzak badakiela jokorik maltzurrenez baliatzen, beti ere nola-hala botereari eusteko. Egia ere bada, ideia hori dela haren tesietako bat, baina ez bakarra. Filosofo politikoak hainbat gauza gehiago ere adierazi zuen. Esaterako, errepublikanismoranzko bidea, herritarrek erakundeen bitartez, politikan parte hartzerik izan zezaten. Ez dirudi honelako aldarrikapenik egitea iraultza handiegia denik gaur egun, baina XVI. mendean ez zen, ostera, batere arrunta.
Zenbait momentutan suma daiteke Nagore Irazustabarrenaren bidaia-bildumaren izenburuak ez ote duen florentziarraren ideia bietako bat baino azpimarratu nahi izan, bestearen kaltetan, ipuinlariari errezago gerta zekion-edo, behin eta berriz ildo bakar eta beretsutik jarraitu ahal izateko edo jarraitu izana janzteko.
“Helburuak bitartekoak justifikatzen ditu” esatea leporatu ohi zaio Makiavelori, nahiz, nonbait, esaldi hori berak sekula ez aipatu baina bai, horratik, luze-zabal argudiatu. XVI. mendean horrelako ideiarik landu izana ez da segurutik batere polita, baina kontuan hartu gurean izan dela 500 urte geroago (orain 15 urte arte) horrelakorik defenditu eta praktikan jarri izan duenik, Makiaveloren alderdirik txarrenaz, hain zuzen. Hainbat iraganen ikasle onak, antza.
Baina, honelako “txikikeriez” gain, zeharo azpimarratzekoa da Irazustabarrenak burutu dituen bidaiaren atalak zein baino zein entretenigarriak direla, maisuki idatziak, ironiaz josiak, molde bizkor, artez, zehatz eta gozagarriaz. Ez da gero gutxi.
