Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Eta Hitler zain zorian geratu zen

Eta Hitler zain zorian geratu zen

Amatiño 2025/05/30 12:55
Marx pentsalariak Hegel filosofoa zuzendu nahirik-edo esan bezala: historia birritan errepikatu izaten da, tragedia legez lehenik eta fartsa gisa gero. Washington, Mosku eta Jerusalem aldera begiratu besterik ez dago

Prada (1), 1943. Hiru militar aleman ate joka ziren Pau Casals musikariaren etxe-atarian, maisu katalan ospetsuak biolontxeloa Hitlerren aurrean jo zezan eskatuz. Inork ez daki ezer zehatzik ordu eta erdiko solasaldi hartaz. Baina seguru da Casals ez zela Fürherraren aurrean sekula paratu. Egiazko datu-izpi ñimiño hauetan oinarrituz, Yolanda García Serrano eta Juan Carlos Rubio testugileek 80 minutuko fikzio-antzezlana burutu dute. Eta merezi du.

Naziak ate joka joan izan ez balira ere, jakinekoa da Pau Casals XX. mendeko musikaririk handienetakoa dela. Bach mito baztertu samarra suspertarazi (2) zuela eta, aldi berean, biolontxeloa jotzeko modu klasikoa betiko erabat irauli.

Jakinekoa ere bada, musikaria gogotik katalana zela, errepublikazalea, Frankoren altxamenduarekin batera alde egin behar izan zuela, diktadurak gorroto zituela, bakea eta berdintasuna sustatu eta behartsuen alde hainbat ekimen eragin zituela. (3)

Casalsik izan ez balitz ere, jakina da agintekeriak betidanik izan duela artea menderatzeko joera, eta ez duela inoiz gustuko izan ezezkorik jasotzea. Honi guztiari ezarriz gero nazismoaren supremazismoa eta jakineko zenbait autorez (4) jabetzeko erabakia… argudioak elkarrekin kontrajarri, Casalsen etxeko mahai gainean zabaldu (5) eta, voilá, ehun urte geroago ere batere gaurkotasunik galdu ez duen gaia, Washington, Mosku eta Jerusalem aldera begiratu besterik ez dago-eta.

Marxek Hegel zuzendu nahirik esan bezala: historia birritan errepikatu ohi da, tragedia bezala lehenik eta fartsa moduan hurren. Inork ez du ordea esan, fartsak tragikoa izaterik ez duenik.

---oo0oo---

1) Prada de Conflet, Ipar Katalunian.

2) Bachen biolontxelo solorako suitak.

3) Besteak beste, Nazio Batuen Erakundearen ereserkiaren egile da, nahiz, segurutik, bere bake-ereserkirik ezagunena El cant dels ocells izan. Entzun besterik ez dago.

4) Jakinekoa da Hitlerrek bere egin  nahi izan zuela Wagner.

5) Donostiako Victoria Eugenia antzokian, alegia.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: