Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Adimen Artifizialak, “biztuz” zein ugalduz, gaindituko bagintu?

Adimen Artifizialak, “biztuz” zein ugalduz, gaindituko bagintu?

Amatiño 2026/10/16 08:00
Adimen Artifizialaren garapenak eztabaida sakona piztu du zientzialarien artean. Batzuek diote AAk ez duela inoiz "arimarik", "nitasunik" edo "biziraupen-senik" izango, biologiaren ondorio direlako. Beste batzuek, aldiz, uste dute AAk gizateriaren bilakaera alda dezakeela, bio-ingeniaritza eta nerbio-sistema ezagutzearen bidez. Luzera gainditu gaitzakeenik uste duenik ere bada.
Adimen Artifizialak, “biztuz” zein ugalduz, gaindituko bagintu?

Etxenike, bart Deban

Juan Luis Arsuaga paleontologoak segurutzat jotzen du (1) AAk ez dituela inoiz izango izaki bizidunen ezaugarriak, siliziozko txipak erabiltzen dituelako, karbonozkoak izan beharrean. Hala ere, Juan Ignacio Pérez Iglesias biologoak dio (2) gizateriaren bilakaera ez dela amaitu. Hau da, kulturaren garapenak, bio-ingeniaritzak eta nerbio-sistema ezagutzeak aukera zabalak eskaintzen dizkigutela. Zer esanik ez teknologia berriek eragin ditzaketen ezaugarriak genetikori heredatzeko modurik lortzen baldin bada.

Pedro Migel Etxenike fisikoak (3), berriz, ez du erabat ukatzen AAk ugaltzeko gaitasuna izango duenik. Haren ustez, lehen bizitza orain 4.000 milioi urte agertu zen Lurrean, eta nekez suma zitekeen orduan, bilakaeraren ondorioz gizateria agertuko zenik inoiz. Zergatik ez da sortuko siliziotan karbonotan gertatuaren parekorik? Nork daki!

Hitz-jokoa eginez, bart Etxenikek hitzaldia amaitze aldera Debako Kultur Etxean adierazi bezala: "egun Adimen Artifiziala Adimen Naturalaren parte hasi berria da; baina, behar bada, daitekeena da egunen batean Adimen Naturala izatea Adimen Artifizialaren parte bat". Eta denbora-kontua baino ez balitz? 

–--oo0---

1) La respuesta. Saiakera. Editorial Planeta, 2026

2) Primates al este del Edén. El organismo humano a la luz de su evolución. Saiakera. Crítica, 2023

3) El secreto de la naturaleza. Hitzaldia. Deba, 2026.10.15

Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2026/10/22 11:47
Bat nator Pérez Iglesiasen ikuspuntuarekin, eta Etxenikeren azken esaldia bikaina iruditu zait: beharbada, egunen batean, Adimen Naturala izango da Adimen Artifizialaren parte. Edozelan ere, oraingoz behintzat, bereizi beharrekoak dira adimena, bizitza eta kontzientzia. Makina batek gizakia gaindi dezake adimenean, bizirik egon gabe; eta bizirik egon liteke, kontzientziarik gabe, bakterioekin gertatzen den bezala.

Arsuagaren karbonoaren argudioak ez nau konbentzitzen: ezagutzen dugun bizitza karbonoan oinarritzeak ez du frogatzen bestelako bizitzarik ezinezkoa denik. Pérez Iglesiasen zein Etxenikeren zuhurtzia irekiagoa iruditzen zait.

Dirudienez, berriro dauzkagu indarrean behinolako eztabaidak: informazioa prozesatzea da funtsean adimena, Jerry Fodorrek uste legez? Ala munduan bizi den organismo baten jarduera, bere gorputzari, historiari, premiei eta harremanei ezinbestez lotua, Humboldten eta Azurmendiren ildoan?

Humboldtek hizkuntza ez zuen produktu bukatutzat hartzen, jarduera bizitzat baizik: energeia. Eta ez du ematen AAk gizakiok bezala bizi duenik hizkuntza.

Etxenikeren iragarpena egia bilakatzeko ez dugu zertan makinek kontzientzia hartu arte itxaron. Dagoeneko bagabiltza gure oroimena, erabakimena eta pentsaera sistema artifizialen esku uzten. Beharbada, Adimen Naturala Adimen Artifizialaren parte bihurtzeko prozesua hasita dago, makinak bizidun bihurtu gabe ere.

Nondik nora ematen dugu jakintzat gizakiaren alde zehatz bat —funtsezkoenetakoa bada ere— gaindituko duena —gainditzen ari dena—, gainerako ezaugarri orotan ere gizakiaren antzeko izan beharko duela? Hegazkinak txoriak gainditu zituen hegan egiteko zenbait gaitasunetan, txori bihurtu gabe hala ere. Litekeena da AAk gizakia gainditzea, sekula bereganatzera iritsi barik gizakiaren kontzientzia, biziraupen-sena edo bizitza biologikoa. Adimenari dagokionez gizakia gainditzeko, AAk ez du bizirik egon beharrik.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal