Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Estilo pertsonal, zaindu eta dotorea

Estilo pertsonal, zaindu eta dotorea

Amatiño 2025/06/22 23:10
Musikaren Europa Egunean, bart jaso ditu Antton Valverdek sari bi, Victoria Eugenia antzoki mukuru betean. Batetik, Donostiako Udalaren Adarra Saria eta, bestetik, bertan bildutako adiskideen eta zaleen aitortza. Biak ondo mereziak.
Estilo pertsonal, zaindu eta dotorea

Antton Valverdek Eneko Goia alkatearen eskutik jaso zuen saria

Hamabigarren Adarra Saria (1) eman zaio Antton Valverderi. Epaimahaikoen (2) hitzetan: “herri-kanten eta bertso zaharren berreskurapenean, euskal poeta klasikoen obraren zabalkundean, emakumeen poesiaren alde erakutsitako sentsibilitateagatik, euskal kanta modernoaren agertokietara pianoaren soinua ekartzeagatik eta, batez ere, bere konposizio, grabazio eta zuzeneko emanaldiekin hainbeste musikazale gozarazteagatik”, guztia ere “estilo pertsonal, zaindu eta dotoreaz”.

Adiskideen eta zaleen aitortza, berriz, lanbidez sekula kantari ez izan arren, betidanik izan izan balitz bezalaxe jokatu izan duelako, apal, eskuzabal, maitakor eta kementsu… Hau da, zazpi hamarkadatan barrena, pazientzia infinitoaz, letra txikia ere lupaz behatuz eta,  olerkariari zor zaion begiruneaz, inoiz ere presaren ordainetan (3) ahapaldirik jateke, hainbat euskal poesia ezagutarazi eta kantarazi dizkigulako, Lauaxeta, Lizardi eta Miranderen olerkiekin hasi eta ondoko belaunaldietako Xabier Lete, Tere Irastorza, Miren Agur Meabe, Harkaitz Cano, Elisa Rueda eta abarrenekin gero, Txirritaren bertso ahaztezinak tarteko.


Anton Valverde Karlos Giménez
Antton Valverde eta Carlos Giménez

Ia bi ordu eta erdiko ekitaldi (4) hunkigarria, Antton bera baita berez, besterik gabe, isilik ere, gogotik hunkigarria. Baina, agian, ezinbestean, ikuskizun gisa aukeran luzetxo, emozioak ere bere denbora behar eta eskatzen baitu, nahiz hasierako gidoiak edo azken eskaletak horrelakorik ez jaso.

 

Hots! Hots! bizion oinok... (5)

Egun zaharrak joan ta, berriak etorri,

gaur poz bihar oinaze, noiz burni noiz zilar,

zenbaitek hondamendi baitute katea

lore-sorta bekizu goi-muinoak zehar!

Hots! Hots! bizion oinok ...(6)


--oo0oo--

1) Hamabigarren saritua da Antton Valverde, 2014ean sortu zenetik hona. Aurretik izan ditu izan ditu hamaika: Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Anari, Berri Txarrak, Kepa Junkera, Amaia Zubiria, Joseba Tapia, Zea Mays eta Errobi. Hirugarren donostiarra, beraz, Laboa eta Zubiriaren ondotik.

2) Epaimahaiko: Odile Kruzetak, Edurne Otamendi eta Gorka Iribar.

3) "Azak eta porruak guztiak daroaz orduak" (Bizkaiko esaera zaharra)

4) Musikariak: Joxan Goikoetxea (eskusoinua), Txema Garcés (kontrabaxua), Ivan Carmona (biolontxeloa), Francisco Herrero (biolina) eta Karlos Giménez (pianoa). Poesiaz, Tere Irastorza eta Miren Agur Meabe. Aurkezle, Leire Cano.

5) Biotzean min dut. Biotz-begietan. Xabier Lizardi, 1932

6) Plataformaren batek prest du  honezkero Antton Valverderen hilartitza. Aurrez jardute hau ohikoa izaten da. Batere ohikoa ez dena da, ordea,  "hildakoa" zendu aurretik argitara ematea. Heriotza-eguna ezartzea baino ez zaio falta. Edonork ez du gero hil osteko iruzkina aurrez irakurtzeko betarik izaten.

Antton Valverde Adarra Saria
Karlos Giménez, Joxan Goikoetxea, Txema Garcés, Ivan Carmona, Leire Cano, Tere Irastorza, Miren Agur Meabe, Francisco Herrero eta Antton Valverde.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: