Esnatu ala hil
Asmo honetan bildu dira Iñaki Iurrebaso (1) eta Garikoitz Goikoetxea (2). Ia-ia, edo iarik gabe, bi belaunalditako kideak, besteak beste. Datu xumea bezain esanguratsu samarra.
Iurrebaso Soziologiaz lizentziaduna da, eta 2023an aurkeztu zuen “Hizkuntza gutxituen jarraipena..." (3) doktore-tesia. Goikoetxea, berriz, kazetaria, eta “Euskara irabazteko bidean” liburua argitaratu zuen 2016an. Biak dira ikerketa- zein euskara-teknikariak udal-esparruan, eta biak elkartu dira harako tesia “edozein euskaltzalek eroso ulertzeko moduko liburua” taxutzeko.
Esan eta egin. Liburua ahalik eta errazen gerta dakion edonori, egileok bost atal nagusitan banatu dute saiakera, eta atal bana zenbait kapitulutan berezi, hamalau guztira.
Lehen atala. Kokapena
Minorizazio gorrian. Nondik gatozen eta non gauden.
Bigarren atala. Hiru ardatz: gaitasuna, erabilera, atxikimendua
Gaitasuna. Erabilera. Atxikimendua , motibazioa eta jarrerak.
Oinarrizko ardatzak: zer indartsuago eta zer apalago?
Hirugarren atala. Hiru prozesu: hizkuntza-bilakaera, sozializazioa eta aldaketa demografikoa
Hizkuntza bilakaera. Belaunaldi berrien sozializazioa.
Aldaketa demografikoa. Oinarrizko prozesuak elkarreraginean.
Laugarren atala. Lurralde nagusitasuna
Euskara lurraldean: nagusitasun-eremuak eta arnasguneak.
Bosgarren atala. Etorkizunari begira
Zer dator? Etorkizun bat euskararentzat. Funtsezko hamar gako.
Horrez gainera, dena errazago, ulergarriago eta lagungarriago gerta dadin, aipatutako kapitulu bakoitzak bere laburpena du. Beste modu batez esanda, 267 orrialdeko liburua 14 kapitulutan dago banatua. Hau da, batez beste 19 orrialde baino ez kapitulu bakoitzeko eta, gainera, kapitulu bakoitzak, 15-40 lerroko laburpena dakar amaieran.
Azken “Funtsezko hamar gakoak”, berriz, honako hauek dira, lau (3) lerrotan laburbildua gako bakoitza: Balioa eman. Begiak zabaldu. Ondo ulertu. Lehentasunetara igo. Beharra sortu. Ikuspegi osoa eduki. Nagusitasuna lortu. Trinkotu. Atxikimendua elikatu eta Olatu berria altxatu.
Iñaki Iurrebasok eta Garikoitz Goikoetxeak sekulako lanak hartu dituzte, liburua ahalik eta samurrena izan dadin, inork ezin dezan esan “ze txapa” edo geroko gerotan utzi.
“Esnatu ala hil” diote egileek. Baina ez dezagun gero pentsa aldarrikapenen bat gehiago denik. Ez da eskabidea, ez negar-zotina, ez kexua eta ez kritika, ez eta inor eskolatzeko (5) asmoa ere, euskaldun guztioi egiten zaigun abisua baizik. Inork ezin dezan esan gero: denboraz jakin izan bagenu…!
---ooOoo---
1) Iñaki Iurrebaso Biteri (Legazpi, 1967). Soziologian lizentziaduna. EHUren irakasle. Doktore-tesia aurkeztu zuen 2023an. UEMAren ikerketa-teknikaria da.
2) Garikoitz Goikoetxea Etxeberria (Elduain, 1989). Kazetaritzan lizentziaduna. "Euskara irabazteko bidean" liburua argitaratu zuen 2016an. Tolosako Udaleko euskara-teknikaria.
3) “Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa” doktore-tesia. Iñaki Iurrebaso, 2023.
4) Lau lerrotako laburpenaz, hamar funtsezko gakoak. Ez hiru eta ez bost, beti lau lerro baizik --30 hitz inguru-- hamar gakoetako bakoitzean, moldiztegietan neurri bereko bertsoak edo horoskopoak filigrinak eginez sartu ohi diren bezala. Neurketa zorrotz hori ez da ezustean suertatzen, egileek liburu guztian zehar, hasi eta buka, atxiki nahi izan duten auto-diziplinaren ondorioz baizik, laburpenaren eta argitasunaren fabore.
5) Eskolatzeko ez, segurutik, baina sekulako informazio-iturri da liburuak dakarren bibliografia, 1979tik 2025era bitarteko ia mende erdian gai honekiko hirurogeiren bat saiakera, ikerketa, azterketa, artikulu eta iruzkin tarteko.