Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Eskozia, Europa berriaren adierazgarri

Eskozia, Europa berriaren adierazgarri

Amatiño 2014/09/17 23:35
Europar mapa politikoa nabarmen aldatu da azken ehun urteotan. XX. mendearen hasieran 24 herrialde zituen Europak. Orain, berriz, 47*. Hogeita hiru berri horien sorreran sekulako eragina izan zuen historiak... historiari zerizkion kulturak, hizkuntzak eta herri-nortasunak alegia; ekonomiaren lehentasunaren mesedetan Eskozian ezer gutxi eztabaidatu diren esparruak, hain zuzen; europar etorkizunak aspaldiotan jorratzen diharduen ildotik, besteak beste.

Azken bolada honetan nagusitu den joeraren bidetik, historiak gero eta eragin gutxiago izango du europar eraikuntzan, eta ekonomiak zein politikak, ostera, gero eta gehiago.

Indartuko bada, Europak barne-solidaritatea areagotu beharko du eta, horretarako, armada elkartu, atzerri-politika bateratu, banku eta finantza-sistema berdindu, batasun-sentipena suspertu eta estrategia komuna bideratu. Hau guztia lehenetsi beharko du, historia bigarren mailan utziz.

Historia alboratze honek estatuen arteko iragan-gatazkak leunduko ditu eta europarren arteko anaitasuna indartu. Edo, beste modu batez esanda, historiaren erlatibismoak, elkarrekiko tolerantziak, barne-arau lar esturik ezak eta behetik gorako europar gizartearen eraikuntzak erakarriko dute Europa berria, non, esan bezala, historiak, jatorriak eta sustraiek gero eta gutxiago eragingo duten eta ekonomiak eta politikak, aldiz, gero eta gehiago.

Eta, hain zuzen, bihar erabaki bat edo beste hartu beharko duen Eskoziak, sortzear dagoen Europa berri horren norabidea adierazi du dagoeneko, hautestontziak ireki beharrik gabe.

 **Acrotiri-Dhekelia, Ipar Txipre, Gibraltar eta Guernsey kontatu gabe. Ezta Turkia ere.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: