Eredu zaharrak eta eredu berriak
Katalunian eta Madrilen ez ezik, gurean ere ez da iritzi kontrajarririk falta. Nik ez dut gero zalantzan kataluniar erronka dezente ondo –eta hainbatek nahi baino hobeto— atera izana. Ez nator inondik ere bat, ostera, Kataluniaren abentura ispilu eredugarritzat jo nahi dutenekin.
Laster ahaztu zaigu, nonbait, Katalunia heldu dela heldu den amildegira, orain 35 urte Euskal Autonomia Elkarteak lortu zuen maila lortzearren.
Laster ahaztu du hainbatek, oraintsu arte, Katalunia eta Eskozia plazan agerrarazi aurretik, Ipar Irlanda zela merkatuko eredurik dirdiratsuena.
Ondo dago, bai, orain Eskoziako zein Kataluniako prozesuak baliotan jartzea, baina... zergatik ez da gogorarazi nahi horretarako ez dutela tiroka ibili beharrik izan?
Eta, eredu zaharrez nahiz berriez, ez litzateke hutsaren hurrengoa konturatzea guztietatik zein den burujabetzarik gehien lortu duen herrialdea. Ez, eta-kittotan asetzeko edo etsitzeko, baina bai, Axularrek esango zukeenez, "hondarrik gabeko itsasotan galdu ez gaitezen".