Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Erantzunik gabeko erantzuna

Erantzunik gabeko erantzuna

Amatiño 2026/09/30 09:55
Joan dira 25 urte, Juan Luis Arsuaga peleontologoak “La especie elegida. La larga marcha de la evolución humana” argitara eman zuenetik (1). Geroztik burutu ditu 21 dibulgazio-entsegu, zeinetatik bost (2) oinarrizkotzat jo izan dituen egileak berak, giza-bilakaeraren nondik norakoa ulertzera heltzeko bidean.

Hasiera beretik, galdera nagusiari dagokiokeen erantzun bila jardun da Juan Luis Arsuaga antropologoa, alegia: giza-eboluzioak jakineko helbururen bati ihardesten ote dion ala, aitzitik, menturazko mutazio genetikoen, ingurumen-presioen eta hautu naturalaren emaitza besterik ez ote?

Belaunaldi bat geroago, Arsuagak lehengo lepotik jarraitzen du, funtsean galdera berbera eginez baina beste formulazio batez: zer gara eta zergatik (3), edo, zer dela-eta  ote gauden hemen.

Erantzun egokiaz asmatu beharraren beharrez, liburu berriari “La respuesta” deritza baina, harrigarri bada ere, 532 orrialde luze eta errepikaturen ondotik, ez du batere erantzunik ematen. Batere. Are harrigarriago, azken lerroan ausartzen da argi eta garbi aitortzera: “Oraindik ez dut (erantzunik) aurkitu”.

Hori zer da? Zientzia, filosofia ala marketing-suspensea?

---ooOoo–--

1) Ignacio Martínez Biologia Doktorearekin batera.

2) "La especie elegida" (1998), "El collar del neandertal" (1999), "Amalur" (2002), "El sello indeleble" (2013), "Vida, la gran historia" (2019) eta "Nuestro cuerpo" (2023).

3) Nahiz berak gero esan zientziak ez lukeela "zergatik" galdetu behar, "zelan" baino.

Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2026/10/01 10:07
Kar, kar, kar. Hirurak batera, ziurrenik.

Dena den, irakurri dudan apurraren arabera, eboluzioak oro har, eta giza-eboluzioak zehazki, ez dio jakineko helbururen bati ihardesten; menturazko mutazio genetikoen, ingurumen-presioen eta hautu naturalaren emaitza da batez ere, zure bereizketa eta hitzak erabilita.

Gainera, ez du ematen hautu horiek diseinu adimentsu bati jarraitzen diotenik. Benetan adimentsua eta praktikoa litzatekeen inteligentziak ez liguke kaka egitera behartuko, asmatuko luke bestelako biderik. François Jacoben esanetan, eboluzioak askoz ere antz handiagoa du txapuzarekin eta brikolajearekin ingeniaritzarekin baino: birikatik ateratzen du hegala, matrailetik belarri-zati bat… Eskura duen materiala berrerabilita sortzen du berrikuntza. Giza garuna ere mundu desberdinetatik zetozen zatiak txapuzeroki itsatsita sortu du, eta horregatik izango da beharbada hain malerusa eta izugarria gure historia.

Jacoben iritziz, beste ñabardura bat, eboluzioaren eta brikolariaren arteko alderaketa ez da perfektua, brikolariak badakielako gutxi gorabehera zer egin nahi duen, eta eboluzioak ez.
Amatiño
Amatiño dio:
2026/10/01 17:39
Bada dioenik, bizitzaren sorrerak gehiago duela premina eta beharretik, zori, mentura edo ausazkotik baino, nahiz eta frogarik ez izan.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal