Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Enpresarien alde, eufemismorik gabe

Enpresarien alde, eufemismorik gabe

Amatiño 2014/11/03 00:05
Enpresariak “enprendedore”tzat mozorrotu nahi izatea da euskal gizartearen beste alukerietako bat. Eufemismo horretan antzematen da euskal gizartearen aurreiritzi larria. Nonbait gure sasi-eskuzabaltasunean gertu gaudeke enpresari gazte eta hasi berriei harrera abegitsua eskaintzeko; handiei, ordea… egurra.

Urliak milioi inguru euro irabazi ditu zozketan baina ez omen du negoziorik jarriko ez delako orain giro aproposik, burtsan jokatzea seguruagoa nonbait. Sandiak “preferentetan” sartu zituen senitarteko istripuaren kalte-ordainez jasotako 700 mila euroak eta orain kexu da bi heren galdu dituelako. Kooperatibaren mesedetan diru-ezarpenak egin zituen berendia ere kexu da, ez duelako antza aitortu nahi pikutata joandako lantegiaren jabe zela eta ez,  langile soil. Inoiz ikasiko al dugu zer arraio den "ekonomia erreala"?

Aldi berean, 150 langile kale gorrian geratu dira ugazaba italiarrak lantegia itxi eta ekoizpena Txinara eramatea erabaki duelako; eta, aurrenengo aldiz historian, Euskal Herriko Unibertsitatearen matrikula-aukerak betetzeke geratu dira 2014-2015 ikasturtean, ingeniaritzan eta enpresa-ikasketetan. Jakina gero lanpostuak behar dituguna, baina ez dirudi gurean inor lanposturik eragiteko gertu dagoenik. Pagotxa omen da enpresari izatea baina… inork nahi ez, ordea, ardurarik.

Are txarrago, enpresarien premia hil ala bizikotzat jotzen duten gizarte-eragileek eta erakunde publikoek, enpresarien alde agerian ausartu ezinean edo, “ekintzaile” eufemismoa jarri dute abian. Aldarrikapen lotsakor eta hutsala, haatik. Euskal gizarteak nekez egin diezaieke muzin ur txikitako ekintzaile borondatetsuei, baina euskal ekonomiak, munduan lehiakor izango bada, enpresa eta enpresari handiak behar ditu.

Hain zuzen, eufemismo horretan antzematen da euskal gizartearen aurreiritzi larria. Nonbait gure sasi-jatortasunean gertu gaudeke enpresari gazte eta hasi berriei harrera abegitsua eskaintzeko; handiei, ordea… egurra.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: