Petrolioak ez omen du ordezkorik aurkitzen
Antonio Turielek oinarrizko hiru ideia nagusi ditu: petrolioak utziko gaituela guk hari uko egin baino lehenago (2); momentuz ez dagoela beste energiarik petrolioa bezain erabilgarri eta merkerik; eta, larrialdi honetatik aterako bagara, hazkundeari muzin egin eta beste ordenaren bat behar izango dugula aurkitu.
Merkatuan petrolioaren ordezkotzat proposatzen diren aukera guztiak banan-banan aztertzen ditu eta era berean baztertzen, arrazoi batez edo bestez: hala gas naturala, bioerregaiak, ikatza, nuklearra, hidroelektrikoa edo haize, eguzki zein bestelako berriztagarriak, nola joeran dauden hidrogenoa nahiz auto elektrikoa, beti ere aldarrikatzen den energia-eraginkortasuna eta inoiz asmatuko ez den urezko motorraren kimera. Denak lagungarri suerta omen daitezke, baina nekez ezeinek beteko, ostera, petrolioak utziko duen hutsunea (kalipsia).
Egileak ez die larrainik uzten egungo gizartearen eztabaida politikoan azpimarratu ohi diren zientzia, ikerkuntza eta teknikari (3). Haren ustez, behin eta berriz planteatu ohi dena soluziorik gabeko problema da-eta: “mugagabeki hazi nahi izatea planeta finitu batean”.
Zernahi aurkikuntza eginda ere, zentzurik ez omen du noiz zerbait asmatuko zain egon behar horrek. Areago, behar den soluzioa ez omen da zientifikoa, soziala baizik. Alegia, sistema ekonomiko berria, derrigorrezko hazkunderik behar izango ez lukeena.
Egungo gizarteak irtenbide aproposik burutzen asmatuko duela itxaro dugunon kontra, Turielen iritziz “ez da inolako teknologia magikorik izango larritasunetatik ateratzen lagunduko duenik”. Alderantziz, zientziaren erantzunik ezean eta kapitalismoa desegiten doan heinean, alternatiba politiko berriak agertzen joango dira, sistema ekofaxistak, militaristak edota neofeudalak. Nahiz, itxaropenari leku eginez, sistema demokratiko egoki, hitzartu eta partekatua burutzea ere aukera litzatekeen, “etorkizuna gure esku” dagoelakoan.
Egileari batere irizpide onik ukatzeke, adierazgarria da gero laurogei orrialde eskaintzen dizkiola petrolioaren ondotik izan daitezkeen energia-mota guztiak gutxiesteari, eta liburuaren azken orrialde biak baino ez, ordea, soluzioa nondik etorri ote daitekeen sumatzeari (sumatu besterik ez).
Ziurrenik, Antonio Turiel doktoreak (4) behar adina baino arrazoiketa gehiago izango ditu zientziaz, ikerketaz eta teknologiaz ez fidatzeko, baina zilegi bekit esatea, aukeran, askoz ere fidagarriago eta benetalariagoa iruditzen zaidala herrialde demokratikoetako zientzia kamutsak ahalbidetu dezakeen etorkizuna, Errusiak, Txinak eta Indiak (5) --elkarrekin lehenik eta gainerako munduarekin gero-- ados dezaketen alternatiba baino, ez baitut batere sinesten hirusta horrek babestuko dituenik, ez “askatasun indibidualak eta kolektiboak”, ez “kontsentsu zabalik osatuko”, ez eta “gutxiengoen jarrerekiko errespeturik” eragingo ere.
---oo0oo---
1) Euskarazko itzulpena, ona, Joseba Barriolari zor zaio.
2) Salvat Entziklopediak, 1964ean. iragarri zuen, ordu arteko kontsumo-mailari eutsiz gero, petrolioak 25 urtez baino ez zuela iraungo.
3) 1970eko hamarkadan, Yamani jekeak zera esan zuen: “Erdi Aroa ez zen amaitu harriak ahitu zirelako, eta petrolio-aroa ez da amaituko petrolioa ahituko delako.
4) Fisika eta Matematiketan lizentziatua eta Fisika Teorikoan doktorea.
5) Guztira 3.000 milioi biztanle. Gizateria osoaren %37.