Energia, telekomunikazioak eta hedabideak
Hala ere, gaur beste hiru sektore azaldu nahi nituzke, inor gutxik aipatu arren, guztiz funtsezkoak izan direnak konfinamenduari aurre egiteko.
Lehenik, energia. Pentsatu, bestela, zer ote liratekeen gure hospitaleak argindarrik gabe; nola funtzionatuko ote luketen UCIak, laboratorioak, garbitzeko makinak eta hain beharrezko suertatu diren arnasgailuak. Gogoratzekoak ere, anbulantzien erregaiak eta, egunero lanera heltzeko, medikuek eta erizainek behar izan dituzten ibilgailuenak. Ezin ahaztu, gauzarik normalena balitz bezala, giltza ireki eta etxeraino heltzen zaigun gasa, seme-alabak dutxatzeko ur beroa, atez ate banatutako butanoa edo baserriz baserri zabaldutako gasolioa. Imajinatu ote dezakegu konfinamendua energiarik gabe?
Beste horrenbeste esan beharko telekomunikazioez, internetaz, wifiaz, emailaz, skypeaz, whatsappaz eta orain hogei urte ezagutu ere ezagutzen ez genituen teknologia berriez. Ondo dago erremediotzat telelana proposatzea edo eskola-ariketak etxetik egin ahal izatea. Baina, ez du gero inork pentsatuko hori guztia klik egin eta, besterik gabe, martxan jartzen denik, ezta?
Eta, teknologia berriak baino zaharragoak diren arren, aipatzekoak aspaldiko prentsa, irrati eta telebista, gizarte-sareek errazegi eragin ditzaketen arinkerien gainetik, berriro indarrean jarri dute-eta informazio serioa, interes orokorrekoa, beti ere sinesgarritasuna helburu duten kazetari profesional eta benetalarien lan txalogarria bezain eskerga; batere etenik gabe, gau eta egun, lanean aritu izan den Euskadi Irrati hau tarteko.
Denok gara beharrezko, jakina. Baina, ez ahaztu gero, energia, telekomunikazioak eta hedabide profesionalak. Hiruak daude, neurriren batean, gure esku. Geu baino ez gara-ta hiruon kontsumitzaileak.
EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria