Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Energia nuklearrak salbatuko du mundua

Energia nuklearrak salbatuko du mundua

Amatiño 2022/02/19 23:50
Europar Batzordea gertu omen dago indar nuklearra berdetzat jotzeko, 2050 urterako jarritako CO2 emisio xedeak bete ahal izateko. Europako Estatu guztiak ez datoz, ordea, bat. Besteak beste, Frantzia, Polonia, Txekia, Eslovakia, Eslovenia, Hungaria eta Errumania zentral berri gehiago eraikitzekotan daude, Alemaniak eta Belgikak indarrean dituztenak ixteko erabakia hartu duten artean.

Munduan 442 inguru zentral nuklear daude eta horietatik 178, Europan. Heren bat Frantzian (58) eta hurrengo 15 urteetan 6 gehiago eraikitzeko asmotan. Frantziaz haraindi, berriz, Alemaniak 17 zentral zituen 2011an, Fukushimako istripua gertatu zenean; geroztik, 8 itxi zituen eta hurrengo bi urteetan gainerako bederatziak estaliko omen ditu, nahiz horretarako gas eta ikatz-kontsumoa nabarmen gehitu behar izango, eriongo liratekeen isuri eta guzti.

SNE (Sociedad Nuclear Española) elkartearen datuen arabera, une honetan 68 zentral nuklear daude eraikitzear munduan: 45 Asian, 16 Europan eta 7 Ameriketan. Ezin jakin  Europar Batasunak asmatuko ote duen  indar nuklearra “berriztagarritzat” jotzeko tenorean, baina ez dirudi Asia Europari begira dagoenik erabakiak hartzeko orduan. Ez, behintzat, Txina, hurrengo 15 urteetan 150 erreaktore berri eraikitzekotan dihardu-eta. Europak egin dezakeena anekdota samarra besterik ez da Asian egingo denarekin alderatuz gero.

Lasai, 10.000 urteko kontua baino ez da

Giro honetan kalean da “La energía nuclear salvará el mundo” (Alfredo García. Planeta, 2020). Egilea Telekomunikazio Ingeniari Teknikoa da eta, operatzaile nuklearra, Ascóko (Tarragona) zentralean.

Liburua ez da adituentzat burutua, indar nuklearraz hedabideen bitartez baino ez dakitenentzat moldatua baino. Argi idazten du, arin, ulergarri, maisu gisa, irakurlearekin eskola-jokoan balihardu bezala, guztien gainetik dagoenaren  ironia harroxkoaz. Eta, liburu-azalean aurreratzen duenez, hainbat oinarrizko informazio emateaz gainera, “energia nuklearraren gaineko mitoak” eraunstera dator.

Zalantzarik ez, gero, Alfredo Garcíak biltzen dituen zertzelada tekniko guztiak egia direna. Baita entretenigarri ere, liburuan zehar salatu nahi dituen hiru semaiko esamesa 'burutsuak' (zentral nuklearrek ezin dute eztanda egin, atomo bonbak balira bezala, edo egunero banana bat jateak zentral nuklearraren ondoan bizi izateak baino erradioaktibitate gehiago eragiten du).  Baina, ziria ziri, ez du hondakin nuklearren etorkizunaz  segurtasunik bermatzen.

Alderantziz, erradioaktibitate handiko hondakinek milaka urte 'bizirik' iraun dezaketela jakinerazi ostean, ez du erreparorik adierazteko gure mundu honetan ez dela leku segururik falta izango “biltegi geologiko sakonak” kokatzeko, non hondakinak gordetzeko: “La evidencia científica dice que existen lugares que han permanecido inalterables durante millones de años (necesitamos unos 10.000). <...>  Aunque es la antigüedad de la agricultura, 10.000 años es muy poco tiempo en términos geológicos (ahí donde la ves, la Tierra tiene alrededor de 4.500 millones de años”.

Dena omen da erlatiboa baina, antza, Alfredo Garcia operatzaile nuklearraren baikortasun leloa, behintzat, absolutua da. Bai, “La energía nuclear salvará el mundo”… 10.000 urte baino lehenago erradioaktibitate handiko hondakinekin zer egin asmatzen dugun egunean. Eta, ordu arte? Metatu eta metatu?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: