Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Energia merkea

Energia merkea

Amatiño 2008/06/01 15:12
Uztailetik aurrera argi-indarra garestituko dela eta, hona non jakin dugun argiak ordaintzen duguna baino gehiago balio duela. Hau da, Gobernuak urteak daroazela tarifarik behar beste igo gura ezean, enpresak lehiakorrak izan daitezen eta jendea sutan jarri ez dadin. Inork ez digu horren garbi esan, ostera, sekulako zuloa egiten ari garela eta gure seme-alabek gure zor hori ordaindu beharko dutela... guk aberats-itxurak egiten jarraitzen dugun artean.

Ez da argi-indarra kostu-prezioan ordaintzen ez dugun bakarra. Zaborrak eta ura ere, esaterako, balio dutena baino gutxiago kobratzen dihardute zenbait udalek. Agintean dagoenak eta bertan iraun nahi duenak nahiago izaten du ahal dela tarifarik ez garestitzea eta aldea aurrekontu orokorren bizkar erdi ezkutuan ordaintzea.

Zenbaitek esango du berdin dela modu batez edo bestez ordaintzea, azkenean denon artean ordaintzen dugu-eta, baina ez dut nik uste hori denik sistemarik onena horrenbeste aipatzen dugun “garapen iraungarriari” eutsi ahal izateko.

Edozein gizarte heldutan normala izan beharko luke kontsumo-produktuen egiazko kostuen berri jakitea. Jendeak ez badaki zein den benetan argiaren, zaborren edo uraren  prezioa, nekez arduratuko kontsumoa gutxitu beharraz.

Gure hainbat auzoren argitasunak ez du parerik Europako herririk aberatsenetan, gure kaleak zikindu beharrak ez du antzik Hendaiatik gora eta gure ur-kontzientziarik eza lehorteak jotzen duenean baino ez da ikaratzen. 

Segurutik tarifarik igotzerik ez duten agintariak koldar eta populista hutsak izango dira, baina errealitateari uko eginez bizi garen kontsumitzaileak hipokrita samarrak. 

Deia, 2008.06.02

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: