Emakumeen bigarren aukera
Gure gurasoen garaian senarrek izan zuten hil arterainoko aginte-makila eta emazteek ez zuten etxeko jaunaren erregetza sekula eztabaidan jarri. Honek ez du esangura etxekoandrea morroi hutsa zenik, emakumeek egoera hura bere kaxa gobernatzen asmatu zutela baino, itxuraz behintzat gizonari aurre egin beharrik gabe.
Oraingo senar-emazteak, berriz, hasiera beretik dira oreka berriaren jakitun eta jabe, elkarren lana zein agintea dezente banatua dute eta, asko botata ere, lantzean behin gizonak gizonkeriak egiten baldin baditu, gehiago da kaskarina delako, inongo erregea delako baino.
Baina nere belaunaldiko senar-emazteen artean, ostera, elkarren arteko bizitza epe bitan ari da banatzen. Batetik, gizona erretiratu artekoa eta, bestetik, jubilatu ondokoa. Lehen fasean etxeko jaun, kalezale, lagunzulo eta seme-alaben kontuetan ardurabako demasa izandako senarra; bigarren fasean, berriz, zeharo gizajotuta agertzen zaigu, aje guztiek jota, osasunez urri eta bizipozez buru makur, noiz emaztearen gonak aldamenetik aldegingo ote dion beldur.
Emazteak, berriz, ez du bere amaren etsipenik, ez eta alabaren zorrik ere. Oraindik ere gazte, buru argi eta larrosaren pare, etxeko pasilloan zehar senarrarekin topo egiten duen bakoitzean seguru pentsatzen duela: Zer egin behar ete jonat nik txorimalo honekin hurrengo hogei urtean¡
Bigarren txandaren aukera da, errebantxaren kanpai-hotsa. Emakumea soka-saltoan jarraitzeko gertu, kapitan pilotu, eta senarra medikuak galarazitako ezgauzatxoen amets, kantoiko eskale.
LA SEGUNDA VIRGINIDAD. El poder sexual de la mujer madura