Emakumea irakurtzen
Orain aurkitzen ez dudan arren, badut nik nonbait aurrezki kutxek argitaratu ohi duten (zuten) itxura bikaineko liburu jantzi horietako bat, non gai nagusia zen pintura unibertsalaren margolanak, zeinetan emakumeak agertzen ziren irakurtzen. Liburu nabarmen erromantikoa, gizonezkoak irakurtzen bilduko lituzkeen liburua nekez joko nukeen arren erromantikotzat.
Bada dioenik irakurtzea izan dela emakumeek sekula erabili izan duten aldarterik eraginkorrena berdintasunerantzako urraspide luzean. Emakume irakurzaleak arriskutsuak omen. Zer gerta ere, emakumeek gizonezkoek baino dezente gehiago irakurtzen dute gaur egun, zer esanik ez gizonezkoek irakurri ohi dituzten ikas- eta lan-liburuak gogoan hartuko ez bagenitu.
Zergatik emakumeek gizonezkoek baino gehiago maite duten fikzioa? Denetariko argudioak daude, eta ez denak positiboak. Baina, arrazoi guztien gainetik eta filosofia guztien azpitik, literatura irakurtzea atsegin duten emakumeak gizonezkoak baino askoz ere gehiago dira, eta plazerra, lehen eta behingoz, balio inbidiagarria da.
Nor ote gauerdiko bakardadean irakurtzen diharduen emakumea? Zer ari ote irakurtzen?