Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Eibartik atera gabe

Eibartik atera gabe

Amatiño 2016/02/06 18:30
Deustuko Unibertsitatearen Etika Aplikatuaren Zentruak aurkeztu du “Memoria, ética y justicia: la extorsión y la violencia de ETA contra empresarios, directivos y profesionales” ikerketaren laugarren emanaldia. Bilduma osoa udazkenean argitaratuko da, baina arduradunek lau hitzalditan aurreratu nahi izan dute ikerketaren nondik norakoa. Azkena, aurreko astean.

Segurutik ez da batere erraza zehatz-mehatz laburbiltzea zein neurritan baldintzatu zuen ETAren indarkeriak euskal ekonomia, zenbateraino uxatu zuen kanpo-inbertsioa, zenbat izan ote ziren Euskal Herritik atera ziren enpresa-ekimenak eta kapitalak, galdu ziren edo gehitu ez ziren lanpostuen kopurua, zein eratan baldintzapetu ziren lan-harremanak eta zein neurritan murriztu, belaunaldi gazteen artean, enpresari izateko guraria.

Edozein modutan ezelango ikerketarik egiteke, eta Eibartik atera beharrik gabe…

 Nik neuk ezagutu nuen enpresaria, “iradokizunak” jaso zituena, zenbait lan-itun sinatzeko zer zen komenigarri eta zer ez adieraziz, eta zerk erraztu zezakeen mehatxurik eza eta zerk areagotu.

 Nik neuk nire etxean hartu nituen laguntza eta aholku eske etorritako enpresari eibartarrak, nora ezean, jota, zer egin ere ez zekitelarik.

 Nik neuk ezagutu nuen gerra ostean atzerrira ihesik joandako enpresari eibartarra, Francoren diktadura ostean ETAren mehatxua jaso ez ezik, Euskal Herritik berriro alde egin behar izan zuena, eta kanpoan hil zena tristurak jota.

 Nik neuk ezagutu nuen eibartar ugazaba, beste eibartar gazteago bati denda alokatu ziona, baina hitzartutako errentarik sekula jaso ez zuena, ETArentzako hileroko dohaintza izan behar zuelakoan.

 Iaz bete ziren 50 urte Eibarren Lehen Haurren Euskal Jaia antolatu zela. Ekintza hura indarrean jarri zuten bospasei aitzindariren izenak han-hemenka gogoratu izan dira esker onez. Inork esan ez duena da denak enpresariak zirela eta, behar bada, inork gutxik dakiena, haietako batek, barrena, ETAren iraultza-zerga jaso zuena.

 Eibarko Ikastola aurrenetakoa izan zen sortzen, 1960 urtean. Ezagun samarrak dira hasierako premiei erantzuteko dirurik gehien jarri zutenen izenak. Ez da horren ezaguna, ostera, haietako batek ere ETAren iraultza-zerga eskabidea jaso zuela.

 Inoiz aipatu izan dut, 1962an, Armeria Eskola sortu zeneko 50. Urtebetetzea ospatzeko, aldizkari berezi bat argitaratu zela eta, argitalpena zein ospakizunak ordaintzeko, 134 erakundek eta enpresak iragarki bana jarri zutela. Den-denak, gaztelaniaz, garaiari zegokionez. Bat baino ez zen ausartu euskaraz egiten, hamar urte geroago ETAk bahitu zuen enpresari eibartarra, hain zuzen ere.

 Nik neuk  ezagutu nituen Eibarko enpresarien izenak eta helbideak “beste aldera” pasatu zituzten herrikideak, nahiz gero, txikiteoan, aupaka, irribarrez agurtu.

 Nik neuk ezagutu nituen iraultza-zerga negoziatzeko noiz eta nora joan behar izaten zen “sumatzen” zuten eibartarrak. Eta, harrigarri gero, beti asmatzen zuten!

Hau guztia, esan bezala, batera ikerketarik gabe eta Eibartik atera beharrik gabe. Deustuko ikertzaileek Euskal Herri guztiko berrehundaka lagun elkarrizketatu omen dute. Zer ez ote den, gero, aterako!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: