Eibarko Euskal Jaiaren epika
Gauzak nabarmen aldatu omen dira 1965ean estreinako Euskal Jaiari ekin zitzaionetik. Ez dakit ba… Giroa giro, ezin esan inondik ere funtsezko norabidea askorik aldatu denik, urteak joan eta urteak etorri gidoi bereko “euskal jaiak” dira-eta (3). Hala ere, ordukoa ezagutu zuten zenbaiti (guztiak ere laurogei urtetik gorakoak) orain hurrengo entzun izan diot, bidean epika galdu dela. Behar bada bai, baina, hartara, zer da epika?
Kazetaritzaren ikuspegitik, epika unean uneko eta ezusteko momentu berezi bat besterik ez da, eta, zentzu honetan, 1965 urteko Umeen Euskal Jaia epikoa izan zen, inork besterik esaten ez duen bitartean gerra osteko lehena izan zen-eta.
Literatura klasikoaz, ostera, epikak edozenbat urte luzeko balentriak eskatzen ditu, eta euskal nortasunak, senak, izakerak edo dena delakoak finkatu eta aurrera egingo badu, hasierako pospoloa piztu ez ezik, ondoko sua iraunarazi ere iraunarazi beharko du. Esprinta nahiz maratoia, biak izan daitezke epikoak, baina lehena ziztu bizikoa da eta bigarrenak arnasa luzea behar du (4).
Mataza honetatik tira eginez --eta jaiek beti ere tokian tokiko gizartearen ispilu izan beharko luketenez-- ausartuko naiz esatera badela lehen eta 61. euskal jaien arteko alderen bat. Orduko belaunaldiak antzeman zuen nondik nora jo, zer egin, eta egungo egoera ez dago guk 1965ean etortzear sumatzen genuen Euskal Herriaren ildotik urruti. Osterantzean, gaur inork sumatzen al du zein izango ote den euskal egoera 2085ean? Hartara, zer egin?
Zer gerta ere, nago 1940eko hamarkadan jaio ginenon eginbeharrekoa oraingoena baino errazagoa izan zela, eta 60 urte barrukoena, berriz, egungoena baino nabarmen zailagoa izango. Jaioko diren berriek maldari eutsi nahi izango badiote, ez dira gero aspertuko. Epika zailaren arrasto luzean daude eta, tropela nekatu (5) aurretik, bidezidorrik egokienarekin asmatzea ez da erraza izango.
---ooOoo---
1) Programa.
2) Hegoaldeko lau lurraldeetako dantza zein txistulari-taldeen parada bateratua eta, auzoz auzo, taldekako ekitaldiak baino ez. 1966ko bigarrenerako, berriz, liburu azoka ere jarri zen.
3) Behar bada, konzentrazio-joera sumatzen da.
4) 1950eko munduko futbol-txapelketan, Maracanan (Rio de Janeiro), Zarrak Ingalaterrari sartu zion gola epikoa izan zen. Baina, behar bada, epikoagoa da 75 urte geroago Athletic-ek euskal jokalariekin soilik egoskor jarraitu nahi izatea.
5) Euskaraz dakitenak inoiz baino gehiago diren arren, familia-transmisioa ahuldu egin da, ikastolara joandako senar-emazteek gaztelaniaz egiten dute elkarrekin eta whattsapp-taldeek ere (Deban ez bezala) erdararako joera dute.
