Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Egungo begiradaz hankamotz geratzen den filma

Egungo begiradaz hankamotz geratzen den filma

Amatiño 2026/01/30 10:25
“L´enfant sauvage” (1) (François Truffaut, 1970) filma izan da Donostia Physic Center-en Zine eta Zientzia zikloaren baitan eskainitako (2) azken ekoizpenetakoa (3). XVIII. mendeko egiazko gertaeraz (4) 1960ko “nouvelle vague” mugimenduaren barruan burututako filma (5). Gaur egungo begiradaz gabezia franko ageri duena, taxuz eta zentzuz.

Taxuz, ez dituelako hein batean “nouvelle vague” delakoaren ezaugarririk nabarmenenak betetzen eta, zentzuz, ez duelako harako mutiko basatiak hizketan ikasi ote zuen ala ez argitzen. Zilegi da, dramatizazio petoaren ordez dokumentu moldetik jotzea, baina dokumentalak zehaztapena behar du eskaini eta, nik uste, baita amaiera kontatu ere. Egia da, hain zuzen, Truffauten eskolaren berezitasunetakoa bukaera anbiguoa dela, baina informazioak ahalik eta adierazgarrien behar du izan.

Filmak adierazi ez arren, egun badakigu ume basatiak ezin izan zuela sekula hizketan ikasi, besteak beste, ezustean aurkitu zutenerako mutikoak hamabiren bat urte zituelako eta, ordu arte batere harremanik linguistikorik gabe bizi izan zenez, galdua zuen nonbait hizkuntzak ikasteko garunak duen plastikotasuna.

Tratatu zuen medikuak nekez jakin zezakeen horrelakorik XIX. mendearen hasieran, baina esanguratsua da, egungo ikuspegiaren arabera, zein egoskor eta mutur beltz aritu zen doktorea, mutikoa estu-mestu eskolatu beharraren beharrez, dena izan zen-eta etengabeko arbela, ariketa eta lana, beti ere ia gelatik atera gabe. Ume gizajoak ez zuen garai hartan batere jolasik (6), plazarik, azokarik, antzerkirik edo txontxongilorik ezagutzeko aukerarik izan. Eta izan zitzakeen une gozoek ez zuten mundu berriarekin zer ikusirik, jatorrizko naturarekin (mendia, euria, korrika...) baizik. Antza, helburua ez zen “gizarteratzea” (6), nola hala hizketan jarreraztea baizik.

Garun moldagaitza izan edo ez, ez dugu ordea sekula jakingo, XXI. mendean gertatu izan balitz aurrera egingo ote zukeen ala ez.

---oo0oo---

1) “L´enfant sauvage”. François Truffaut, 1970.

2) Bilbon, Donibane Lohitzunen, Donostian, Gasteizen zein Iruñean.

3) Frantsesez, euskarazko azpidatziekin. 

4) Azken bederatzi urteetan-edo basoan bakarrik biziraun duen 12 urteko mutikoa aurkitu zuten Okzitaniako Tolosa inguruan, eta Jean Itard pedagogoak hizketan irakasteko aukera eskatu zien erekundeei.

5) Garaiko zine-kritikak Truffauten filmik onenekotzat jo zuen.

6) Nabarmen asko gustuko duen orga txikia-edo izan ezik.

7) Hain zuzen, ez zuen inoiz hitz egiterik izan, baina bai, ordea, gutxieneko giza-arauak ulertu. Keinuz komunikatzen zen. Harreman afektiboak, alaitasuna eta negargura ezagutu zituen, eta balio moralez jabetu. 1828an hil zen 40 urte inguru zituela.

Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2026/02/02 13:00
Amatiño, aurreko batean hika egin hidan; pudorea-edo ematen zidak nik ere hika erantzuteak. Hire baimen esplizituaren zain, aurrera egingo diat hala ere.

Ume basatia filmaren giltzetako bat hik aipatutakoa duk: ez zitean helburu nagusitzat Victor gizarteratzea, baizik eta hizketan jarraraztea.
 
Hogei bider baino gehiagotan ikusi diat pelikula, joko handia ematen baitu bai Filosofian eta bai Psikologian. Deigarria egin zitzaidaan umea benetan txarto, alfabetatzearekin batera hasi zela txarto jartzen. Abantailak ekarri zizkiguan noski alfabetatzeak gizakioi, baina sakonki transtornatu ziguan burmuina. Ondo ohartu zituan Sokrates eta Platon.

Adimen artifizialak ekarriko dizkigun abantailak ere ikaragarriak izango dituk, baina goitik behera perturbatuko dik aldi berean gizakia. Inoizko aldaketarik sakonenak eragingo zizkiguk, alfabetatzeak berak baino harrigarriagoak ziurrenik.
Amatiño
Amatiño dio:
2026/02/02 15:32
Eskerrik asko Markos:

Hirekin beti ikasten diagu zerbait.

Ez diat sekula irakurri edo entzun alfabetatzeak trastornatu gintuenik. Trastornoa, arinenetik larrienera, nahastu, aztoratu eta zoratu ere izan zitekek, burutik jota amaitu alegia.

Gertatua gertatu, iraganak ez zeukak honezkero konponbiderik baina, benetan bazegok ikerketarik AAk zoratzeraino eraman gaitzakeela dioenik?
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2026/02/03 15:37
Barka, Amatiño, ziurrenik ez diat “transtornatu” zuzen erabili. Adierazi nahi nian aurreikusi gabeko errotiko aldaketa, une jakin batera arte normaltzat hartu dena iraultzea, giza ahalmenen puzzleko osagaiak berregituratzea.
 
Adibidez, adituek ziotek idazmena eta irakurmena zabaltzeak oroimena ahuldu zigula. Garai batean, inor gutxi harritzen zuan bardoak goitik behera zekizkielako Iliada eta Odisea buruz. Alfabetatu gabeko gure birraiton-birramonak mendiz mendi oinez bertso-saio batera joan eta ez zen ezohikoa baserrira itzulitakoan saio osoa gogoratzea, bertsoz bertso. Gaur egun, badakigunez bertsoa.eus-en-edo edukiko dugula, oroitzeko ahaleginik ere ez diagu egiten. Ulergarria duk.

Sokratesek eta Platonek horixe leporatzen ziotek idazketari: giza oroimena ximeldu izana. Errotik aldatu ei zian horrek gizakia, txarrerako. Badakigunez zein apalategiko zein liburuk diharduen denboraz, ez diagu gure adimenean aktualizatuta denborari buruzko gogoeta propiorik. Zertarako gogoratzen ahalegindu eta oroimena landu, usb batek eskura jartzen badizkik milaka lagunek gogoratu lezaketena baino datu gehiago?
 
Michel Serres-i irakurri nioan lehenbizikoz "exoeboluzio" hitza: gizakiak honezkero ez dik memoria bere gogoan garatzen, baizik eta berak asmaturiko kanpoko tramankuluetan. Gero eta indartsuagoak eta txikiagoak dituk datuak pilatzeko biltegiak. Horiek bai, eboluzionatzen ari dituk; baina gizakiagandik kanpo.
 
Adimen artifizialak ez bakarrik oroimena, giza arrazoimen autonomoa ere kaxkartuko dik erabilera faltagatik, gaur egungo ikastetxeetan ikusten den bezala; eta horrek giza ahalmenen orain arteko oreka transtornatuko dik, goiko zentzuan. Defentsazko jarrerak hartzen ditiagu normalean aldaketa sakonen aurrean. Horregatik ari duk indarra hartzen ahozko azterketak ugaritzeko aholkua, irakasle-ikasleak aurrez aurre, gero eta zailagoa baita detektatzea ea ikasleak aurkeztutako idazkia bere kabuz egina ote den. Zeren, egia bada ere adimen artifizialak berak eskaintzen dizkiala testu bat adimen artifizialez egina den detektatzeko tresnak, hala ere ez diagu ahaztu behar aldi berean adimen artifizialari agindu diezaiokeala "egidazu idazki bat denborari buruz, adituek ere adimen artifizialak egina dela ez igartzeko modukoa". Ikusiko diagu zeinek irabaziko duen bataila hori.

Dirudienez, oroimenaren ildotik, pentsatzeko giza ahalmen klasikoa ere biziki herdoilduko duk datozen hamarraldietan, ez baitugu behar izango. Adimen artifizialak bai, garatuko dik pentsatzeko ahalmena, baina giza burmuinetik kanpo. Hori hasiera batean. Ondoren ziur aski adimen artifiziala giza garunetan txertatzeko esperimentuak hedatu eta perfekzionatuko dituk, eta elkarturik egingo ditek bidea artifizioak eta naturak.

Batek zakik zelan ikusiko zuketen hori guztia Axularrek eta Toribio Etxebarriak!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal