Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Etxebarria eta Churchill, lehen petrolio-mutilak

Etxebarria eta Churchill, lehen petrolio-mutilak

Amatiño 2010/04/26 23:29
Toribio Etxebarriak eta Winston Churchillek ez zuten, behar bada, elkarrekin zer ikusi handirik izan, baina XIX. gizaldiaren azken mende-laurdenean jaio ziren biak eta 1960ko hamarkadan hil. Horrez gainera, inoiz historian izan den energia-iturri aldaketarik handienetakoa bertatik bertara ezagutu zuten biek, baita aldaketarik segurtatu zedin ahalegindu ere.

Etxebarria eta Churchill, Toribio eta Winston,  Josu Jon Imazek elkartarazi ditu gaur, eibartarraren izena damaten berrikuntza-sarien emanaldia dela-eta, Energia, sector de oportunidad delako gaiaz Coliseo antzokian eskaini duen hitzaldian.

Etxebarria eta Churchill jaio zirenerako industria-gizarteak jakin bazekien zer zen petrolioa; ez, ostera, erabili. Bata zein bestea gizondu baino dezente beranduago ere egurra eta ikatza ziren energia-iturririk erabilienak. Eta bata zein bestea hil zirenean, aldiz,  egur- eta ikatz-kontsumo osoaren bestekoa zen petrolio-eskabidea.

Aldaketarik nabarmenena Winston Churchillek eragin  zuen, 1911an, Britainiar Itsas Armadaren oinarrizko erregaia aldatzea erabaki zuenean, ordurarteko ikatza baztertu eta petrolioaren aldeko postura eginez. Egitasmo horretan bizpahiru urte lehenago sortarazi zuen, 1908an, Anglo Persian Oil Company enpresa.

Toribio Etxebarriak ez zuen petrolio-enpresarik sortu beharrik izan baina bai, ostera, Espainian zen konpainiarik nagusiena,  Campsa (Compañía Arrendataria del Monopolio de Petróleos Sociedad Anonima), ordezkatu eta zuzendu. Gerra-giroan, eta Indalecio Prietoren aginduz, atzerriko petrolio-inportazioak bermatzea izan zen Toribioren zereginik garrantzitsuenetakoa.

Antza denez, 1930eko hamarkadan hasi zen espaniar gobernua energiaren eta burujabetzaren arteko harreman zuzenaz jabetzen eta, nonbait, Toribio Etxebarria izan omen zen Sobietar Batasuneko Nafta Sindikatuarekin estreinako negoziatu zuena.

         

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: