Herensugetan
Gorkaren dragoi-historia denera berandu iritsi zen poli-miliaren historia da. Berandu, hainbat ekintzatara; berandu, Gernikako Estatutua onartzera; berandu, bere burua gizarteratzera; eta berandu –baina ez beranduegi, agian— bere semeari ETAkoa izana kontatzera. Eta, bere baitan, nolabaiteko erru-aitortza: “oraingoek ez dute uzterik asmatzen guk lehenago uzten asmatu ez genuelako”.
Dragoi-ehiztaria ezin susmo eskasagoz hasten da, aurrenengo sekuentzietan, Gorkaren semeak (Pablo Amigo) nolabaiteko tankera artifizialez eta erabateko sinesgarritasunik ezaz hizketari ekiten dionean. Baina, handik aurrera, lehen etsipena gainditu ostean, filmak hobera egiten du emeki-emeki eta sekula euskaraz egin den ekoizpenik garestiena dela frogatzen ahalegintzen da, Angel Amigo eta Patxi Barco dragoi-parearen eskutik.
Politto Asier Hormaza (Gorka), hobeto Itziar Ituño (Maddalen) eta labur baina nabarmen ondo gero, Xavier Agirre (Larraun). Entretenigarria, ez da gutxi, berrogeita hamar urtetik gorakoontzat behintzat.
Perturren aztarrenak, likidazionismoa eta gainerakoak tarteko, miliek eta poli-miliek izango dute zertaz eztabaidatu film honen inguruan. Nik esango nuke, ordea, batzuk beste batzuk baino beranduago ibili direla. Baina, hori bai, denak berandu, San Jurgirenak egiten, herensugetan.