Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Diva "la Divina" eta ehiztari paleolitikoa

Diva "la Divina" eta ehiztari paleolitikoa

Amatiño 2021/04/14 09:29
Antzokian, Albert Boadellaren zuzendaritzapean, Maria Rey-Joly sopranoa eta Antoni Comas tenorea. Zer ote? Antzerkia, opera, zarzuela, melodrama… auskalo. Zer nahi delarik, funtzionatu egiten du. Sarrerarik ez, Victoria Eugenian. Etenik gabeko 80 minutu, inor aspertzeko abagunerik gabe.
Diva "la Divina" eta ehiztari paleolitikoa

Albert Boadella

“Diva” musika-antzerki saioaz (Albert Boadella, 2021) gozatzeko, edo operazale izan behar duzu edo 1950-1955 aurretik jaioa. Baldintza horietarik bat, barrena, betetzen ez duena nekez jabetu ahal izango da Maria Callas* itzelezko izarra izan zenaren ospeaz eta Aristoteles Onassis magnate greziarrarekin bizi izan zuen amodio-historia zalapartatsuaz (1959-1968)… nahiz, ezustean (?), itsas-enpresari ahaltsua Jacqueline Kennedyrekin (John F. Kennedy presidente estatubatuarraren alarguna) ezkondu, 1968an.

Aristoteles Onassis, garai hartan munduko aberats “ofizialik” handiena, 1975 urtean hil zen eta Maria Callas, berriz, 1977an. Hartara, Albert Boadellak eszenan jokarazitako pasartea 1976an-edo kokatzen da, Parisen, non “la Divina” depresioak jota bizi den, Aristotelesek abandonatu izanaren amorrua gainditzeke eta, aldi berean, haren amodio galdua ahaztu ezinik, maldan behera, botikaren eta alkoholaren gero eta menpekoago.

Maria Callasek ez zuen gizonekin asmatu. Boadellak “diva”ren (Maria Rey-Joly) ahotan iradokiari jaramon eginez gero, lehenak, Giovanni Battista Meneghini senarrak, ez zion behar bezainbateko sexurik eman eta bai, ordea, lar agindu, bizitza baldintzatu eta irabaziak ustiatu. Bigarrenak, berriz, Aristoteles Onassis (betaurreko eta zigarro purudun Antoni Comas harroa) “ehiztari paleolitiko” ahalguztidunak, falta zitzaion hartatik behar beste eta gehiago eman zion, baina oholtzetatik atera zuen --lanbide arrakastatsutik eta izarretatik, alegia-- eta, aspertu zenean, beste batekin ezkondu ez ezik, batere begirunerik gabe umiliatu zuen, diruak dena erosi ahal zuelakoan. Hirugarrena, Ferruccio Mezzadri (betaurreko eta zigarro pururik gabeko Antoni Comas apala), “denerako otseina”, 21 urtez izan zuen aldamenean laguntzaile leial eta zintzo, eta, antza, pasio handiz maite izan zuen arren etxekoandrea, Callas arranditsua zerbitzari fidela kontuan hartzeko baino klasistago portatu izan zen beti, hil arte.

Bastidore arteko ezkaratzean osagai hauek bildu eta, “Diva” izandakoaren gomuta melenkoniatsuez zein unean uneko tauletan inoiz kantatu izandako aria ezagunez** jantzia --edo erantzia--,  gogoan hartzeko besteko ikuskizun entretenigarria burutu du Boadellak,  hiru altzari soilez baino ez: vinilotako pick-upa,  alfonbra urdinxka eta chaise longue vintage bat. 

Aldez aurretik ez zen zalantzarik Maria Rey-Joly sopranoaren*** eta Antoni Comas tenorearen kalitateaz; jakina, bestalde, biek pianoa jotzen dakitena; baina ezustekoak bezain bikainak, gero, bataren zein bestearen aktore-gaitasuna eta ez nolanahiko dantza-abilezia, sirtaki eta guzti.  Ezer gutxiz eszena gogotik betetzeko lain diren horietakoak.

*Zenbait adituren ustez “operazaleen zirrikitu hertsietatik atera eta, zertaz arduratu behar larriagorik zukeen gizarte arruntaren barrena,  erabateko ospe zabalik lortu zuen aurrenengo sopranoa”.

** “Ave Maria” (Verdi) eta “Sola, perduta, abbandonata” (Puccini) bereziki, baina baita Tosca, Madama Butterfly, Otello, Norma, Il trovatore eta beste zenbait operatakoak ere.

*** Segurutik, ondo kantatzeak zail izan behar du, baina ez dakit bada, ez ote den zailago, ahotsik gabe geratu zenaren (Maria Callas) ezintasun eta  itolarria sinesgarri interpretatzea.

Diva ReyJoly  Comas
Maria Rey-Joly (Maria Callas) eta Antoni Comas (Aristoteles Onassis), DIVA antzerki-saioan.


Callas Onassis
Maria Callas eta Aristoteles Onassis, 1965 inguruan.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: