Diseinu kontua
Datua ukaezina zera da: Lurralde Historikoen Legea 1983ko azaroaren 25ean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak eta Garaikoetxeak dimititu zuen 1985eko urtarrilaren 26an. Hartara, bada esaterik legearen onarpenak ez zuela bat-bateko dimisiorik erakarri, legearen aplikazioak baino. Edo beste modu batez esanda, izatez, eztabaida ez zen nonbait oinarrizko egituraz izan, ondoko diseinuaz baizik.
Garaikoetxea EAJren Eusko Buru Batzarraren lehendakaria izan zen 1977tik 1980ra arte, Eusko Kontseilu Nagusiarena 1979 eta 1980an, eta Eusko Jaurlaritzarena 1980-85 urteetan. Bera arduradun nagusienetakoa zelarik negoziatu zen Konstituzioa, Autonomia Estatutua eta Lurralde Historikoen Legea. Seguru gero, ez zela beti berak nahi zuena atera, baina ezin esan informazio, aginte eta erantzukizun zuzenik izan ez zuenik. Honaino eztabaida gutxi, beraz.
Funtsezko eztabaida sortu zen Lurralde Historikoen ezarpenaz. Aipatu ere aipatu izan da, arrazoi osoz, Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzaren arkitektoa izan zela eta Euskadi modernoa aldarrikatu zuena. Kontua da, ordea, beste edozein eraikuntzatan bezala, arkitekto nagusiaz gainera teknikariak izan ohi direla, aurretik indarrean zeuden oinarrizko legeek (1) diotena diotela, eta diseinugileek zenbait eredu moldatu behar izaten dituztela. Hartara, Euskadi berria bai, baina, EAJren ustez, oinarrizko legeek aditzera ematen zuten –eta duten-- tradizioari (2) iruzurrik egin gabe.
Diseinua diseinu, gogoan hartzekoa da Espainiako Konstituzioak ez dituela alferrik foruak eta euskal eskubide historikoak aipatzen; ez dela kasualitatea Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa izatea euren jatorrizko (3) izen propioez adierazten diren lurralde bakarrak; Gernikako Estatutuak esan bezala, Lurralde Historiko bakoitzak bere antolaketa eta autogobernu-erakundeak gorde, berrezarri eta eguneratu ahal izango dituela; eta, hain zuzen ere, harako Euskal Lurralde Historikoen Legearen izenburuak berak “kondaira-lurraldeak” eta “foru-erakundeak” gogoan dituela.
Lege berberaz baliatuz, Ajuria Eneko ikuspegitik, Garaikoetxeak Euskadi bateratu eta indartsua zuen amets, eta haren alderdiak, berriz, betidanik izenaren jabe izan diren lurraldeen nortasun eta ahalmenari eutsi. Kontu izan, Espainian demokrazia berreskuratu zenean, Gobernua zela historikoa eta autonomiak erakunde berriak. Euskal Herrian, ostera, lurraldeak ziren historikoak (4) eta Jaurlaritza berria. Jatorri bi eta, ondorioz, deseinu bi.
Garaikoetxeak, asmorik onenaz eta arkitektu nagusiari zegokion logikaz, Eusko Jaurlaritza botoretsua aldarrikatzen zuen artean, haren alderdiak ez zuen ulertzen nola, esaterako, zorioneko Euskadi berriak murriztu ahal zizkion Arabari, Francoren diktadurapean ere indarrean gorde ahal izan zituen eskudunak. Aldi berean, etorkizunera begira ere, gogoan izan zen Nafarroak errazago ikusi zezakeela bere burua Lurralde Historiko indartsuen ekosisteman, Jaurlaritza boteretsuaren itzalpean baino.
Ezin ahaztu, azkenik, EAJk ez zuela euskal sistema publikoarentzat proposatu bere etxerako nahi ez zuenik. EAJren Aberri Batzarrean, Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak ordezkari-kopuru berdina dute, Eusko Legebiltzarrean Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak parlamentari-kopuru berdina duten bezalaxe. Behar bada ez da “modernoena”, baina ez eta demokrazia ulertzeko modurik txarrena ere.
---oo0oo---
1) Lurralde Historikoen Legearen Orotariko Lehen Erabakiak zera dio: "Konstituzioak eta Autonomia-Estatutoan ohartemandakoaren arauera Lege honen bidez arautuko da".
2) Lurralde Historikoen Legearen Orotariko Bigarren Erabakiak beste hau dio: "Bakoitzeko Batzar Nagusiak eta Foru-Diputazioak dira, bere kondairatikako tradizioaren arauera, Kondaira-Lurraldeetako Foru-Erakundeak".
3) Duela 10-12 mende, barrena: Nafarroa (824 urtean) zein Araba (871an), IX. mendean. Eta Gipuzkoa (1025ean) nahiz Bizkaia (1040an) XI.ean.
4) ) Guztiak elkarrekin, lerro berean, Axularrek aipatu zituen estreinako XVII. mendean: "badakit halaber ezin heda naitekeiela euskarako minzatze molde guztietara. Zeren anhitz moldez eta diferentki minzatzen baitira euskal herrian. Nafarroa garaian, Nafarroa beherean, Zuberoan, Laphurdin, Bizkaian, Gipuzkoan, Alaba-herrian, eta bertze anhitz lekhutan." GERO, 1643.
